Azken urtean behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoko ibaien kutsadurak. 53 ibai aztertu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailak, eta horietatik 26 ez daude kutsatuta. 2001.ean 17 ziren garbiak.
Oñati erreka, kutsatuenen artean
Aztertutako ibai horietatik 9k kutsadura txikia dute, eta beste 18 erabat kutsatuta daude. Horien artean daude Oria, Deba eta Ego ibaiak. Baita Oñati erreka ere. Nerbioi da kutsatuena.
Ibaizabal, Asua, eta Karrantza ibaiak ere oso zikinak daude Eusko Jaurlaritzaren txosten honen arabera. Beste muturrean daude, berriz, Galdames, Bidasoa, Andrakas eta Atxispe esaterako. Urola ere ondo berreskuratu da.
Neurgailu biotikoa
Eusko Jaurlaritza 1993.ean hasi zen ikerketa hauek egiten eta ordutik, urtero egiten ditu. Horretarako, neurgailu biotikoa erabiltzen du ingurugiro sailak. Neurgailu horrek neurtzen du: errekan dagoen bizitza, kutsadurari aurre egiteko ibaiak duen ahalmena, uraren kalitatea bainurako eta kontsumorako eta arrainak dauden ala ez.