Badator Kinttada Eguna!

Santa Ageda goratutzeko Lurrian eta zeruan… Santa Agedaren aitzakiaz, urtero bezala, baserriz baserri eta kalez kale ibiliko dira kintoak, eskean, kantuan eta jan-edanean.

Nahiz eta kinto izatea 1998. urtean jaiotakoei tokatu, beste eskoitzarrok ere badugu zer ospatu: Kinttada Eguna. Aurten, Karnabalak direla eta, urtarrilaren 30ean ospatuko da.

Orain dela bost urte ospatu zen lehenengo aldiz, Eingeinke ekimenak antolatuta. Ordutik, inertziaz etorri da, ziurrenik, antolatzeko konplikaziorik ez duelako: bazkaltzeko lekua bilatzea da Kinttaden lan bakarra, hori baino ez. Egia da lekua gordetzea lan konplikatua bilakatu dela: goiz ibili beharra dago bazkaldu gabe gelditu nahi ez baduzu. Horregatik, eskerrak eman behar zaizkie ganora apur bat atera eta lekua bilatzeko mugitzen diren pertsonei; izan ere, kinttadaren bat Eskoitzatik mugitu eta Atxabaltara (!!!) ere jaitsi behar izan da urteren batean… Arrakastaren ondoriotzat hartu behar dugu, zorionez, urtetik urtera kinttada asko batu baitira jai-egun honetara.

Esango nuke gaur Eskoitzak duen egun alai eta jatorrenetako bat dela, eta horrelako egunez ez gabiltza oso soberan, nahiz eta –arrazoirik txikiena aitzakia hartuta– badakigun herrian giroa sortzen. Beharbada, horrelako formula sinpleen bila hasi beharko genuke beste asteburu batzuk ere pizteko. Agur ta eskerrak ematen diet Santa agedaz batean…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak