Horixe dira 25 urte, hasierako garai hartan pertsona baten bizitzako herena izango litzatekeena.

Hasi ziren haietako gutxik pentsatuko zuten 25 urte iraun eta, ez hori bakarrik, 25 urte ondoren dagoen lekuan izango zenik Oñatiko Ganbara Abesbatza. Balentria itzela da, 90eko hamarkadan ume moko batzuek hasitakoa, ostean berezko talentuaz, baina, batik bat, ilusioz beteta garatzen joan dena. Ez zuten pentsatuko inondik inora familia bati hasiera ematen ari zirenik, horrenbeste jende biltzen duen zerbaiten hasiera zenik ere ez.

Beraiek abestuz zoriontsu izan nahi zuten; ba al da gauza ederragorik? Modu apal baten hasi eta Europa mailan lehiatzera heldu, nork esango zuen!

Eskerrak eman beharrean gaude hasierako 12 partaideei, berauei esker baitaukagu gaurko errealitatea.

Pertsonalizatzen hasteak arriskua dauka, norbait alde batera uztearen arriskua; arriskatuko naiz, ba:

Mila esker, Gorka Cueva, honen guztiaren sortzaile izateagatik. Bisionarioa, neurri batean, talentu itzela barruan, eta zerbait desberdina edo zerbait gehiagoren bila joanda, gaur egun OGA denari hasiera eman ziona.

Eskerrik asko, Esteban Urzelai, Ganbara hazteagatik, musika biziarazteagatik, eta sekula imajinatu ez genukeen abesbatzekin areto berdinetan abestea lortzeagatik.

Eskerrik asko, Aitor Biain, momentu konplikatuan erreleboa hartzeagatik, gure buruan sinetsarazteagatik, eta Europan zehar eman dugun maila ematea lortzeagatik.

Eskerrik asko, aitaita-amama, aita-ama, tio-tia, lagun… guk entseatu ahal izateko, zuen orduak sakrifikatu dituzuelako. 25 urtean haur dezente etorri dira Ganbarako abeslarien inguruan, eta horrek logistika esfortzu itzela dakar. Eskerrik asko gurasoei, Euskadin, Espainian eta Europan gure ondoren izugarrizko babesa ematen ibili zaretelako.

Eta eskerrik asko bazkide guztiei. Momentu honetan zuek gabe oso zaila izango litzatekeelako aurrera jarraitzea, mila esker.

Beste 25 izan bitez!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak