Sanferminak eta %0,5

Games of Thrones telesailari buruzko informazio saturazioaren erreakzioz, meme bat dabil bueltaka sare sozialetan: Pertenezco al 1% de la población mundial que no ha visto ningún capítulo de 'Juego de tronos'.

Esaldi horren estiloari jarraituz, beste meme bat asmatu dut: San Fermin festa ezagutzen ez duen Euskal Herriko populazioaren %0,5aren barne nago. Kristoren lotsa ematen dit: etxetik 100 kilometrora ospatzen da munduko jairik onena, eta inoiz ez egon izana Iruñean uztaileko lehenengo egun zoragarri horietan. Kuadrillako guztiak egonda daude, nola ez. Nire guraso zirenek disfrutatzen zituzten, nahiko adin handiarekin, gainera. Seguru aski, arrazoi bat izango zen aita zenak batxilergo osoa Atarrabian egin zuela, eta berarentzat hiri berezia zen Iruñea. Nire seme-alabentzat, zer esanik ez. Bakoitzak bere lagun kuadrilla dauka bertan eta gonbidapen finkoa dute sanferminetan, hango giro musikalean murgilduta, gainera… kristoren inbidia!

Jaizalea naiz, benetan. Bergarako eta Antzuolako jai garrantzitsu batzuetan aspalditik inplikatuta nago. Asko baloratzen ditut jai herrikoiak eta izan dut aukera gauza ederrak ikusteko: Espainiako hegoaldeko Aste Santuak, Amsterdameko Gay Pride jaia, Japoniako eta Txinako desfile zeremonialak –gure sanmartinetakoen antzerakoak, baina fraide barik–, Tenerifeko Inauteriak eta, kasualitate hutsez, Londresko Notting Hilleko inauteriak; hango eguraldi eskasa dela eta, Inauteriak abuztuan ospatzen dituzte. Gure eguraldia oso antzerakoa izanik, ea noiz ikasten dugun badaudela otsaila baino hilabete hobeak Karnabalak disfrutatzeko.

Nire ilusiorik handiena Rio de Janeiroko Sambodromoan Escolas do Sanba taldeen desfilea ikustea da. Baina, numero batzuk egin eta gero, kalkulatu dut pixka bat merkeagoa dela zapi gorri bat erostea eta Pesa autobusean sanferminetara joatea. Martxa honetan, aurten ere zezenak ez nau harrapatuko. Baina 360 egun falta dira bakarrik datorren urtekoak disfrutatzeko.

Aber, ba...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak