30 urte asko da. Aski da! Etxean nahi ditugu

Unai Paroti eta Josu Arkauzi aplikatu zaie legea? Erantzuna sinplea da, lege arrunta ez diete aplikatu eta, gainera, etengabe trikimailu desberdinak erabiliz zigorra luzatzen saiatu dira, eta lortu ere bai.

Unairen kasuan, erredentzioa gehienezko 30 urte horietatik aplikatzen hasi beharrean, zigor osotik kentzen hastea saiatu ziren. Estrasburgok atzera bota zuen eta beste trikimailu bat asmatu zuten. Oraingoan, bigarren aldiz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Ezin da zigortu bi aldiz ETAko kide izateagatik; beraiek argudiatzen dute hainbat urtetan ez zela ETAko kidea izan, eta gero berriz sartu zela erakunde horretan. Baina argudio hori ez dago nondik hartu. Espetxean sartu zutenetik, hiru hilean behin zein sailkapenetan dagoen notifikatu zaio Unairi idatziz. Beti lehen graduan –sailkapen gogorrena–, ez zituelako loturak apurtzen ETArekin. Beraz, tarte horretan ETAko kidea bazen, ez da egon etenik eta ezin dute epaitu bi aldiz gauza berarengatik. Beraz, 30 urteko zigorra bete ondoren beste 11 bete beharko ditu.

Josuren kasuan, bereizi egin dute Frantzian espetxean egindako denbora tartea eta Espainian egindakoa, batean zein bestean ziegak desberdinak izango balira bezala. Ze lortzen dute honekin? Modu sinplean esanda, Josuk Frantzian egindako denbora ez kontatzea eta Espainian 30 urte bete behar izatea. Espainian atxilotu izan balute, aspaldi legoke kalean.

Bi errefuxiaturen egoera ere salatu nahi dugu lerro hauen bidez.

Jose Manuel Pagoaga Peixoto-k 50 urte baino gehiago darama errefuxiatuta; larriki zauritu zuen Batallon Vasco Español-ek 1979an, eta, Hego Euskal Herrira etorriz gero, aske gelditzeko bermerik ez du.

Eugenio Barrutia Arbe-k, berriz, 1978an egin zuen alde Arrasatetik. 1981ean atxilotu zuten, Baionan, eta 1984an deportatu zuten Venezuelara. Geroztik, 35 urte daramatza Venezuelan deportatuta, linbo juridiko batean.

Demokraziaren, konponbidearen eta bakearen izenean, guzti-guztiak behar ditugulako kalean!

Etxean nahi ditugu!

----------

Urki Larrea Ibabe

Arrasateko Sare

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak