Mugikorreko txio batek piztu zidan berriz ere nire barnean atezain sena.

Hara! Gure eskulturagile famatuena edo onena ere bere gaztaroan atezaina izan zen; Realeko atezaina, hain zuzen. Espazioa –beste askok ez bezala– ikusteko, mugatzeko eta besarkatzeko gaitasuna ere bazeukan Txillida handiak. Goian bego.

Azken batean, atezaina espazio baten zaindaria da; kasu honetan, ate batena. Sinpleki esanda, erraza dirudi. Baina ez: 

Ezberdin janzten zaren bakarra zara, eta eskularruak ere behar dituzu; hori horrela, beste jokalariak baino gastu handiagoak dituzu.

Ikusle guztiek nahi duten golaren frustratzailea zara.

Lurrean arrastaka ibiliko zara, ukondokadak jasoko dituzu, kolpeak non-nahi.

Helburu nagusia baloia ate barrura ez sartzea da; horretarako, baloiak gorputzeko edozein ataletan talka egingo du. Askotan, bortizki.

Akats bat egitean, zure atzean ez da inor egongo laguntzeko. Guztia patatekin jan beharra izango duzu.

Denen ahotan egongo zara; gehienetan, okerrerako. Hau da, kritikak entzuteko prest egon.

Askotan, atezain guztiek ero puntua dutela ere entzun beharko duzu.

Zure gurasoek beste gurasoak baino gehiago sufrituko dute: futbol-zelaian kritikak entzun beharko dituzte; etxean garbigailuarekin badaukate lana –eskerrik asko, ama–.

Atezain bat ulertuko duen pertsona bakarra dago: beste atezain bat. Eta zinez diot atezain batek beste atezain bati eginiko laudorioa benetako ohorea dela.

Hori guztiori esanda, nork nahiko luke atezain izan? Bada, Antton Telleriak Nekatutak bakarrizketan zioen: "Egin zaitez ertzain!". Nik: "Egin zaitez atezain!".

Atezain izan garen, zareten edo izango zareten guztioi zorionak! Errepikaezinak, bereziak eta bakarrak baikara. Beti izango gara atezain.

A... eta gogoratu San Pedro ere atezaina dela edo izan litekeela. Ai, ama… Julio Iglesias ere atezain izanikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak