"Kepa eta Eusebio"

Mallea eta Osa. Eusebio Osa Deba ibarrekoa zen...

... Bergarako Elorregi auzoko Aierdisakona baserrian jaioa, Gerra Zibila hasi baino lau hilabete lehenago hain zuzen. Duela 18 urte zendu zen Gasteizen, gaixotasun anker batek eraman zuen, artean sasoiko gizona zela.

Berriki, duela bi aste Santutxun heriotza tragikoa izan duen Kepa Mallea munitibartarrak ondo ezagutu zuen Eusebio. 60ko hamarkadan Eusebioren ondoan izan zen Oñatin eta Haron. Kepak duela sei urte Eusebioren euskaltzaletasuna goraipatzen zuen, garai hartan (Eusebiok hogeitaka urte eta Kepak hamar bat gutxiago zituela) euskararekin guztiz identifikatuta bizi zela esanez. Eta, besteak beste, oso gizon pragmatikoa zela esaten zuen, bidea garbi ikusten zuena. Gauza gehiago ere bazen Eusebio, jakina.

Kontutxo bat bakarrik: ondo gogoan dut Eusebiok, hil baino 20 egun lehenago, Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zuen azken artikulua, elkarrizketaren kulturaren alde jarriz, eta politikarien agintearen kulturaren aurka (ez dugu lar aurreratu!).

Kepa Malleak duela hamabost egun heriotza bidegabea bezain zentzunbakoa izan du. Bere bertso famatuko (hauxe azken puntua: "Gure gatazkak bideratzeko / arma onena da HITZA") espiritua erabiliz, erasotzailearekin hitz egiten eta hura lasaitzen saiatu bazen ere, hark labankadaka hil zuen. Egunkarietatik jakin dugu nolako pertsona zen Kepa: euskaltzale fina, bertsozalea, konprometitua, bakezalea… (El Correo egunkariak "El maestro del diálogo" deitu zion).

Heriotza ia beti da bidegabea, baina batez ere era anker eta traumatikoan gertatzen denean. Eta hiltzen diren pertsonak Kepa eta Eusebio bezalakoak badira, bidegabekeria-sentipen hori areagotu egiten da. Izan ere, holako pertsonak dira gizarteak eta gure Herriak behar dituenak aurrera egiteko.

Agur eta ohore, Eusebio eta Kepa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak