Euskaraz lan egin

Erabiltzailearen aurpegia Rufina Olasagasti Zubeldia 2024ko mar. 15a, 00:00

Laneko hizkuntza izan da urtarrilean Eusko Jaurlaritzak antolatuta egindako Languages Lanean Kongresuko gaia, eta eman du zer ikasia.

Hemen eta kanpoan tokiko hizkuntzen erabileran eredugarri diren enpresen esperientziak ezagutzea zen kongresuko helburua.

Mondragon taldeko presidente Leire Mugerzak egindako hitzaldian adierazi zuen elkarrekin hazi direla kooperatibak eta euskara. Adibide gisara esan zuen euskaraz egiten direla Mondragon taldeko organo gorenen bilerak: urteko Kongresua, Batzorde Iraunkorra eta Zuzendaritza. Kooperatiba batzuetatik besteetara aldea egon arren, Emun kooperatibako Olaso eta Legorburu teknikariek Berria-n egindako elkarrizketa batean zioten gaur egun Fagorrek ez duela euskaraz funtzionatzen eta asko falta dela horretarako, nahiz eta aurrerapen handiak egiten ari diren.

Atentzioa eman dit Itziar Nogerasek Kongresu horri buruz Berria-ko artikulu batean zioena; alegia, irmo ari diren herrialdeetan, Islandian, kasurako, gobernu egitasmoen erdian dagoela ingelesaren eraginetik islandiera babestea eta garatzea, maila guztiak hartzen dituen Hizkuntza Politika zorrotza betearazita. Interneten dago, Languages lanean estekan sartuta, Johanna Vigdis-en hitzaldia.

Kongresu horretako mahai inguru batean parte hartu zuen euskaraz funtzionatzen duen Antzuolako Elay enpresak. 1992an, kolektiboak eta jabetzak, asanblada bidez, erabaki zuten funtzionamendua euskaldundu behar zutela, eta gaur egun euskaraz funtzionatzen dute, ez ele bitan. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Kristina Elkoro kontseilari delegatuak zioen arrotz samar sentitzen direla enpresa foroetan, nahiz eta euskara planak martxan izan enpresa askotan inportantzia eskasa ematen zaiolako euskarari.

Orain arteko esperientzia arrakastatsuek isolatuta geratzeko arriskua dute, atxikimendu zabala lortu eta euskara eta euskal kultura babestu eta garatzeko goren mailako erabaki estrategikoak hartzen ez badira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak