UEU, ilusioa gorpuztuz

Erabiltzailearen aurpegia Rufina Olasagasti Zubeldia 2020ko mar. 6a, 00:00

Ikasturtean zehar egindako lana azaldu du UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) Eibarren egin berri duen Batzar Nagusian. Datorren 2020-21 ikasturtean hasita, UPV/EHUri atxikitako ikastegi moduan Bigarren Hezkuntzako irakasle Masterra online emango du, gainditzen dutenei UPV/EHUren titulu ofiziala igorriz.

Erronka honi heltzeko egitura profesionala sendotu du. 1973an Euskal Unibertsitatea sortzeko helburuarekin sortu zen UEU, laster 50 urte beteko ditu, eta gaur egun 1.200 bazkidez osatutako oinarri soziala eta iazko eskaintza akademikoaren diseinuan parte hartu duten 15 sail eragile ditu.

Master berriaz gain, urte osoan zehar unibertsitate mailako ikastaro eta jardunaldien bidez etengabeko prestakuntza ematen du UEUk.

Aldi berean, unibertsitate mailako ezagutzen euskarazko sorkuntza eta zabalkundea bultzatu eta euskal komunitate unibertsitarioaren bilgunea egituratzen ari da.

Hainbat unibertsitate daude Euskal Herrian: Baionakoa, Deustukoa, Mondragon, Nafarroakoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, UNED eta UPV/EHU. Kokapenagatik Euskal Herriko Unibertsitateak diren arren, euskara eta euskal kultura ez dira lehentasuna eurentzat, ukapenetik hurbiltze baterako tartean mugituz. Berariazko Euskal Unibertsitaterik ez dago, euskal kulturaren eta hizkuntzaren alma mater izango litzatekeen euskarazko unibertsitatea, Karlos Santamariak zioen moduan.

Hauxe du helburu UEUk. Nola lortu, ordea?

Euskal Herrian burututako hainbat ekimen –Ikastolak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, kooperatibak…– helburua garbi zuen talde sendo batek lortuak izan dira. Premia bera sentitzen zuen jendea auzolanean antolatu eta euren denbora, ezagutza, lana eta baliabide ekonomikoak proiektua aurrera ateratzeko bideratuz.

Egingo al dugu Euskal Unibertsitatea?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak