Inoiz ez da berandu

Jaiotzen garenetik eskatzen digute; umeekin, edadetuekin, bikotekidearekin, laneko nagusiarekin, eguraldiarekin, argaldu nahi dugunean, opariak zabaltzerakoan, bidaiatzerakoan, supermerkatuko ilaran, sendagilearengana goazenean, gure futbol taldearekin, telesail baten amaiera jakin nahi dugunean, gaixotasun baten aurrean, aireportuetan, sukaldean…

Beti iruditu zait berba bitxia bereziki erdarara eta ingelesera jotzen dugunean; itxaroten dakiena hartzen duen bezala, gaixo edo ez, osasun arloko profesional batengana aholku edo sendagai bila doan norbanakoa ere aipatzen digu bi hizkuntza hauetan. Aitortu beharra daukat euskarak ematen dion erabilera gehiago gustatzen zaidala, erosoago sentitzen naiz zentzu negatibo hori alde batera utzi eta bertutea bezala ulertzen denean. Itxaroteko gaitasuna dela diote batzuek; momentu aproposa noiz iritsiko zain eta bitarte horretan okerreko erabakietan ez erortzeko ahalmena, alegia. Askorako eman du historian zehar, greziarretatik hasita gaur arte, eta, zer esanik ez, kristau fededunen artean, barneratuta ditugun esamolde mordoa etorriko zaizkizu burura. Pentsa, konturatu gabe, baina gurekin asko daukanari eskerrak ematen dizkiogu.

Bigarren abizenez Ipurterre garenok azken urte eta erdiko abentura malapartatu honetan hitzaren benetako esanahiaz jabetu gara, eta, hori baino gehiago, ikastaro trinko bezain azkarra egin behar izan dugu halabeharrez. Etor daitekeenari aurre egiteko jarrera egokia izan daiteke, atzera begiratu gabe baina jakitun gu ere aldatzeko gai garela. Gauzak, egoerak, aldaketak, tokatzen denean datoz gehienetan; itxaroten, esperoan, bidean, hartzen dugun jarreran joaten zaigu bizitzaren muina. Egin aproba, hartu bizitza pazientziaz… ahalik eta azkarren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak