Etxeko balkoian

Nire lantokiko leihotik emakume bat ikusten dut bere etxeko balkoian paseatzen. Egunero errepikatzen duen jarduera da, goizez beti, alde batetik bestera, berdin dio eguzkia edo euria egiten duen! Horrelaxe egiten du ordu erdi inguru.

Bada, iruditzen zait denbora asko, gehiegi egin dugula etxe barruan, halabeharrez! Eta, hala ere, oraindik ere asko dira lanera joateaz gain, eguneroko eta beharrezko beste jarduera batzuetarako besterik ateratzen ez direnak. Beldurra da arrazoia? Etxean egotera ohitu dira? Ez dute beste batzuekin hitz egiteko beharrik? Gauza desberdinak egiteko gogorik?

Egia da azken bi urteotan sarritan entzun dugula konfinamenduak ondorio negatiboak izan dituela gure osasun mentalean. Eta, nahiz eta gehienetan hori onartzeko gai ez izan, horrek gure gaitasun sozialak mugatu ditu.

Esate baterako, ikerketa baten arabera, hiru pertsonatik batek aipatzen du kalera irteteko beldurra duela konfinamenduaren ondoren. Pertsona hauek lasai sentitzen dira ingurune ezagun batean, eta etxetik kanpo dagoen guztia arriskutsua dela interpretatzen dute. Nolabait, pertsona askorentzat, ni barne, bizitza normalera, gizarteharremanetara itzultzeko aukera bat den heinean, beste askorentzat, egoera arriskutsu bihurtzen da.

Aipatutako ikerketa beretik, aditu batek lasaitasun mezua ere igorri du: "Beldur erreakzio fisiko eta emozional horiek ohikoak eta are normalak dira. Baina, agian, emozio horiek identifikatzen eta lantzen jakin behar dugu, irtenbidea bilatzeko".

Bueno, ez dut muturreraino eraman nahi emakume horren errutina. Agian, gero, bizitza osasuntsua izango du, eta harreman estua bere ingurukoekin. Agian, pandemia honen aurretik ere bazuen errutina hori, edota egunerokotasunean beste aktibitate batzuekin osatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak