Bizitzako betebeharrak

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2023ko ots. 10a, 00:00

Zuhaitz bat landatzea, haur bat izatea eta liburu bat idaztea omen dira bizitzan egin beharrekoak.

Lehenengo biak eginak nituen, eta orain hirugarrena betetzear nago, aste batzuk barru argia ikusiko baitu idazten bukatu berri dudan liburuak.

Sekula ez nuen pentsatuko liburu bat idatziko nuenik, baina hala nahi izan du patuak. Guztia duela 14 urte hasi zen, Kultura zinegotzi nintzela, Antzuolako armarrian genituen kanoiak kentzeko Nabarralderen eskaera iritsi zenean. Orduan, armarriko kanoien hariari tiraka hasi, eta armarri osoa eta alardea hobeto ezagutzeko aukera eman dit ibilbide luze honek. 

Sorpresaz betetako ibilbidea izan da, eta orain arte zeuden zenbait uste eta misterio argitzeko aukera. Bide batez, balio izango du gure herriaren, bailararen zein Euskal Herriaren historia ezezagun hori plazaratzeko. 

Esan gabe doa liburua idazteari dedikazio handia eskaini behar izan diodala, batez ere, azken bi urteotan, eta hori ondo dakite etxekoek. Liburua idatzi, haurrak izan eta zuhaitzak landatzea baino, liburua zabaldu, haurrak hezi eta zuhaitzak zaintzea zailagoa baita.

Azkenaldian asko hitz egiten den zaintzan dago gakoa, baina badut kezka norberaren eta etxeko lau hormen barruko zaintzara mugatzen ari ez ote garen. Ez dut esango norberaren zaintza garrantzitsua ez denik, baina ezin dugu herriaren zaintza deskuidatu.

Niaren eta guaren arteko oreka beharrezkoa da. Baina, zoritxarrez, nitasuna indartsuago dago; ikusi besterik ez dago gimnasioak eta autolaguntza liburuak nolako arrakasta izaten ari diren. Gutasuna, berriz, ez dago modan. Ikusi bestela nola dauden gure herriko talde eta elkarteak. 

Zuhaitza landatu, haurra izan eta liburua idazteaz gain, norberanismorik gabeko nitasunari ere on egiten dion laugarren betebehar bat gehituko nuke: gutasuna praktikatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak