Amaiur

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2022ko uzt. 22a, 00:00

Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai, Betiko Argia.

Horrela dio duela 500 urte Amaiurko gaztelua defendatuz gure herriaren independentziaren alde borrokatu ziren gudarien oroimenez eraikitako monolitoko idazkiak.

Amaiurko gaztelua zegoen tokian eraiki zuten monolitoa, duela 100 urte. Baina 1931ko uztailean dinamitaz suntsitu zuten, euskal-nafarron Lizarrako estatutua eztabaidatzen ari zen garaian. Monolitoa suntsitu zuten horiek beraiek handik 5 urtera estatu-kolpea burutuko zuten.

1982an monolitoa berreraikia izan zen Amaiurko Udalaren ekimenez, eta Nafarroa Garaiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Tamalez, duela 40 urteko batasun hori ez da irudikatu gure bailarako udaletan. Amaiurko erresistentzia gogoratzeko, mozioak aurkeztu dira ikurrinaren alboan Nafarroako bandera jartzea eskatuz, bi ikurrak euskal-nafar guztionak baitira. Modu honetan, gogoratu nahi da 1200. urtean bortxaz konkistatu gintuzten arte gure bailara Nafarroako estatuaren baitan zegoela. 

Gaur egun, ofizialki, ikur bat EAEkoa da eta bestea Nafarroa Garaikoa. Gainera, ikurrina Nafarroa Garaiko instituzioetan eta bandera nafarra EAEkoetan jartzea debekatuta dago. Espainiarrek argi daukate: "Divide y vencerás". Horregatik, espero bezala, Antzuolako udalbatzarrean PSEk mozioaren kontra bozkatu zuen.

Baina EAJren kontrakotasunak harridura sortu du. Beraien esanetan, Nafarroako banderak ez du gure aberria errepresentatzen… Atxorrotxeko gaztelu nafarraren magalekoa den zinegotziari horrelakoak entzutea tristea da benetan. 

"Guk bandera bakarra dugu eta hori ikurrina da", zioen Aitor Urrutia eskoriatzarrak, baina haren herriko udaletxeko balkoiaren erdi-erdian tente asko jarrita duten bandera Atxorrotx eta Amaiur konkistatu zutenena da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak