Zer da zilegi? Zer da etikoa?

Dirudienez, EAJko politikari batzuek egiten eta esaten dituztenak justifikatzeko ea zilegi den galdetzen dute.

Nire ustez, politikari horiek askotan ez dute ikusten zer desberdintasun dagoen zilegi izatearen eta etiko izatearen artean, eta, hobeto azaltzeko, hasieratik abiatu nahi dut.

Zer da zilegi izatea? Legearen barruan dagoena.

Zer da etikoa? Giza portaerari ematen zaion balio positiboa edo negatiboa da. 

Nire ustez, bi erantzun horiek oso funtsezkoak dira gai hori lantzeko.

Hori esan eta gero, adibide batzuk jarri nahi ditut:

-Polizia bidaltzea eta indarkeria erabiltzea adineko pertsona bat etxetik ateratzeko. Hori zilegi izan daiteke, baina etikoa al da?

-Euskadi hondatzea AHT proiektu faraoniko eta alferrikakoarekin. Hori zilegi izan daiteke, baina etikoa al da?

-Bat egitea Coviteren diskurtsoarekin, EAJk EH Bilduren zerrenda batzuei buruz egin duen bezala? Espetxetik irten garenok ez daukagu eskubiderik? Egin dugunagatik ordaindu eta gero, bizi osorako kondenatuta egon behar dugu? Gai horretan EAJ konplize bihurtu da, eserlekuak lortzeko. Hori zilegi izan daiteke, baina etikoa al da?

-Etikoa al da? Fiskalak onartu eta gero mendietako diputatu arduradun batek legea hautsi duela, hiru urteko espetxe-zigorra ezartzea, akordio batera iristea, eta kartzelara ez joateko lanpostutik kaleratzea, baina handik gutxira antzeko kargu batean berriro egotea eta hura salatu zuen basozaina tratamendu psikologikoan egotea, bullying-a jasateagatik. Hori zilegi al da? Eta etikoa?

-Andoni Ortuzarrek bere diskurtsoetan gezurrak eta Trumpen estrategia erabiltzea aurkari politikoari izen ona kentzeko. Hori zilegi izan daiteke, baina etiko al da?

Agian, EAJri barkamena eskatu beharko genioke hauteskundeak irabazteagatik.

Portzierto, adibide gehiago dauzkat: De Miguelen kasua, politikari batzuen soldatak, ate birakariak, Osakidetzaren eta Hezkuntzaren suntsipena... Zilegi edo etiko, hor dago koska.

----------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak