Larria eta onartezina da EHUko Medikuntza Fakultatean euskaraz ikasten dutenei lanak gaztelaniaz aurkezteko eskatzea

Rebeka Uberak kontuak eskatu dizkio Hezkuntza Sailburuari Parlamentuan “lotsagarria delako 2019an ikasle euskaldunak bigarren mailakoak izaten jarraitzea”. Ikasle horiei berdintasun baldintzetan aritzea bermatzeko exijitu dio Jaurlaritzari.

 

Rebeka Uberak interpelazioa egingo dio Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari Legebiltzarrean, Kontroleko Osoko Bilkuran, “larria, lotsagarria eta onartezina delako Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza Gradua euskaraz ikasten ari diren ikasleei lanak gaztelaniaz aurkez ditzatela eskatzea”. Horixe gertatu zaie Gradu amaierako lanetan ohorezko matrikula lortzeko aurkeztu diren lau ikasleri, horren inguruko erabakia hartu behar duen epaimahaian bi irakaslek, antza, ez dutelako euskara ulertzen. “2019an gaude, baina ikasle euskaldunak oraindik bigarren mailakoak direla dirudi”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Fakultateko dekanoak barkamena eskatu izana ez da inondik inora nahikoa, Uberaren irudiko. “Arazoak bere horretan jarraitzen du, ikasle horien lanak ebaluatu behar dituen epaimahaian bi kidek ezin izango dituztelako ebaluatu; argi dago horrek aukera berdintasunaren printzipioa urratzen duela ikasle euskaldunak ez direlako lana gaztelaniaz aurkeztuko duten ikasleen baldintza beretan egongo, lan horiek epaimahai osoak ebaluatuko dituelako. Hezkuntza Sailaren ardura eta obligazioa da ikasle guztiek Gradu amaierako lanak berdintasun baldintzetan aurkeztuko dituztela bermatzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak