"Langile baten galderak…

Erabiltzailearen aurpegia Nekane San Miguel 2014ko api. 29a, 00:00

... (historia) liburu baten aurrean", Bertold Brechten hitzak euskaratu, musikatu eta kantatuz liluraz bete gintuen Mikel Laboak urte batzuk duela.

Kronikek gizon "handien" izenak besterik ez ohi dituztela aipatu ekartzen ziguten gogora, poeta handiak sortu (edo jaso?)tako hitzek:  non emakumeak?, non langile, esklabo, soldadu, sukaldari...

Tebas, Babilonia, Erroma… gogora ekarriaz, pertsona batek, handia izanik ere, bakarrik ezer gutxi egin dezakeela zioen modu zabalean. Hor behar duela taldearen, multzoaren, jenderen bultzada, sostengua, indarra..., eta hala ere, Errege, Lehendakari, Burutzat hartzen denaren gogorapena besterik ez langileak irakurtzen zuen liburuan. 

Horregatik "Zenbat historia, hainbat galdera" errepikatuz bukatzen zuen kanta… Bukatu, edo soka luzeari hasiera emateko modu bat ote? Poetek ohi duten erara hitz gutxiz gogoeta zabalari atea irekitzen baitzion. Lana egin izana, ahalmenaren erakusle? eta ahal izatea ardura hartzearen iturburu (ala emari?). 

Ari finez osatzen da ehuna, bata besteari lotuta, denbora luzez lan eginik, eta denbora ere behar zerbait usteltzeko, hainbat bizkarroien eraginarekin batera. Ustela egin, nekez euskarririk gabe, landuz ez bada: batzuetan bakteriak berariaz hurbildu eta nahastuz hondatzen da gaia, baina beste askotan bizkarroiei haizea emateko, beste aldera begiratze hutsa nahikoa omen. 

Hala ote behin eta berriz inoren dirutik baina jenderen beharrentzat bildutakoa bereganatzen duenari botoa ematen diogunean? Edo..., "gure" zergatxoak ez ordaintzeko ahalegina Suizara guztiona den dirua eramango duenaren poltsaren oihalean ari bat gehitzea ote?..., edo  laguntza publikoak eskatzerakoan gezurtxoak esatea, bizkarroiei haizea hauspotzea ote?, galdetuz jarraitzen ote du langileak gaurko kronikak irakurtzean?... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak