"Limosnatxorik BEZ"

Erabiltzailearen aurpegia Nekane San Miguel 2012ko abe. 4a, 01:00

Euskararen eguna datorrela eta, hamaika adierazpen...

... aldarrikapen eta eskaera entzuten diren honetan, duela hilabete inguru gertatu zitzaidan historiatxo bat kontatzera natorkizue. Ez dut protagonisten izenik jarriko, gertakizunaren larritasunera (nire ustez) arreta bideratu nahi baitut. 

Badira urte batzuk ekitaldi bat antolatzen dela Arrasaten, urtero, eta bertan parte hartzeko lehen gonbidapenak erdara hutsean jasotzen hasi ginen. Mesedez, euskaraz ere idazteko eskatu nien antolatzaileei, eta batzuetan jaramon egin dute, bietan, euskaraz zein erdaraz bidalita. Hori bai, beti akats ortografiko edo sintaktikoez hornituta, erdaraz sekula ametituko ez liratekeenak. Hala ere, tira! baina esan ohi diet: ez dagoela ondo, laguntzarik behar badute hor nagoela... Hala pasa dira kontuak, eta joan zen urtean e-mail helbideak eskatu zizkiguten gonbidapena bide horretatik luzatzeko, eta hara non datorren aurtengoa, guztiz espainolez. Erantzun deneri teklari eman nion, mezu honekin: "Ze pena! Berriz ere españolez bakarrik!"… artean, euskaldun batzuk ere bagara...", idatzi nuen, baina mezu-hartzaile guztien artetik, erantzun bakar bat, nirekiko adostasuna erakutsiz, beste guztiak (antolatzaileak barne) isilik. Egunak pasa eta ez nuen inolako erantzunik jaso, eta handik egun batzuetara, antolatzaileetako batekin kalean trill egin eta oso haserre zegoela nirekin adierazi. Bai, bera haserre!, mezu hori guztiei bidaltzerakoan oso gaizki portatu nintzelako: "Tú lo que tenías que haber hecho (agindu zidan) era decirnos a nosotros (hamaika aldiz esan diet) que tenemos la desgracia de no saber euskera (Arrasaten jaioak) y no teníamos a quien pedir que tradujera" (gezurra!: hamaika aldiz nire laguntza eskaini diet horretarako ere).

Ez nuen ekitaldia euskaraz burutzeko eskatu, ez, jaun-andreok, euskararen izenean limosnatxo bat besterik ez nuen eskatzen: sikiera sinbolo bat, keinu ñimiñoa… "Euskaldunak ere bagarela"… ba ez, eurak haserre. Hori Administraziotik datorrenean, orduan bai, "gure eskubideak" urratu dituztela eta prentsara, eta salaketa, baina hemen euskaraz egiten ez duenak berak jakingo du zergatik ez duen egiten (halako zerbait zioen Gandiagak), baina niri galarazten dit euskaraz egiten, bizitzen. Ez dago arazorik gure hizkuntz eskaera mugatu egiten dugunean, Administraziora eta "euskal eremuetara", zokora, bazterrera, baina oso ezeroso egiten zaie askori hortik atera nahi izatea, normalidadea nahi izatea. Zu zure txokora, eta gaizki portatzen bazara, limosnatxorik ere ez, eta limosna nahi baduzu, eskatu, makurtu... Eta bere jarrera horrekin iraintzen ari zela esan nionean, ez zuen ulertu! "¡Yo no te estoy insultando!". Zer ote euskaldunon duintasuna, jaio eta bizi zaren herrian euskarari limosnatxo bat emateko eskatzen duzunean haserrea eragiten baduzu?

--------------------

Nekane San Miguel

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak