Eskala handian

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2023ko mai. 20a, 00:00

Eskala handiko politiketan gabiltza egunotan.

Herri eta auzoen espazio geografikoan, 1:500 eskalan. Udalez udal plan eta plano berriak aurkezten, lau urtetik behin egiten diren kartografia lanetan.

Politikariek eta kartografoek badakite planoak saltzen. Badakite milimetrorainoko xehetasunak adierazi behar dituztela herri mailako eskaletan. Lerro koloretsuekin edo sinbolo adierazgarriekin. Zabala da aukera, eta eskerrak. Sinbologia eta kolore paleta desberdinak dauzka bakoitzak. Eta sinboloek elkar ezabatu dezakete, bata bestearen gainean jarrita.

Badira eskala pertsonalizatuak eskatzen dituzten biztanleak ere. Maparen izkina batean beraientzat bakarrik handiagotutako eskalak nahi dituzten biztanle boteretsu edo botere-zaleak.

Eskala eta espazio fisiko berean eskaintza desberdinak adieraztea ez da erraza. Eta proiektu horretan parte hartzeko prest daudenen zerrenda oso zaila da osatzen. Inork ez ditu eskuak kolorez zikindu nahi, inork ez du sinboloen aukeraketaren erantzule izan nahi. Kopetan margotuta gelditzen baitira koloreak gero, betirako. Lehendabiziko planoan, irabazi edo galdu. Eta eskala hauetan, poltsikorik bete gabe gehienak.

Kontsumitzaile gisan, merezi duten adinako errespetu eta balioarekin zaindu beharko genituzke, beraz, plano guztiak. Geu ere kontsumitzaile eta kartografoak baikara aldi berean. 

Bide batez, ez dezagun ahaztu eskala handiak eskala txikian ere eragina daukala. Eta lehor samar gabiltzala horretan. Guztia sinbolo berdeekin jantzi arren, errealitatean agortuta dauzkagula tinta urdinak eta berdeak. 

Nik ere nahiko nuke horren etorkizun beltza ez irudikatu. Eta bada horretarako itxaropenik. Mendiak eta errekak marroitu aurretik, eskala guztiak baliatu ditzakegu plan(o) berriak eraiki eta errealitate bihurtzeko. Ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak