goiena.eus

Errespetuan oinarritutako Oñati bat eskatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia

Larunbat gauean Oñatiko Batzokiak beste eraso bat jaso zuen. Beste behin ere, pintadak egin zituzten horman, svastika ikurraren bitartez EAJ-PNV alderdia naziekin alderatuz. Hori gutxi balitz, Batzokia errausteko proposamena islatu dute eraikinaren paretan.

Garai berrietan gaudela esaten da, baita biolentziaz betetako urteak atzean utzi ditugula, baina horrelako ekintzen aurrean, EAJri benetan harrigarria eta larritzekoa iruditzen zaio egungo gizartean zenbait pertsonak oraindik barneratuta daukaten biolentzia. Zer lortu nahi dute erasotzaileek, herria kaltetzea? Larunbateko gertakariek betiko jazarleen gogorkeria eta inposizio nahia islatu eta agerian utzi baino ez dutela egiten uste dugu. Euskal Herriko gehienok baztertu eta atzean utzi nahi dugun inposizio, indarkeria eta biolentzia garaiak ez ditu herri honek merezi. Sinesgaitza iruditzen zaigu gogorkeria eta sufrimendu urte horien guztien ondoren, Oñatin, oraindik, indarkeria horri atea itxi ez dioten eta gorrotoan hezi diren pertsonak daudela ikustea.

Larunbatean gertatutakoak ez dio soilik EAJri eragiten, herri osoaren bizikidetzari baizik. EAJ-PNVk berdintasunean eta errespetuan oinarritutako herri hezitzailean sinesten du, oñatiar guztien arteko bizikidetza baketsua guztientzako baita onuragarria. 

Bizi ditugun garaietan horrelako ekintzek, intolerantziatik jaiotakoek, ez dute lekurik gure herrian, ez eta bizikidetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko sustatzen ari garen bake-bidean ere. Errespetua eskatzen dugu: errespetua ezberdin pentsatzen duenarekiko, herri ordezkariekiko, botoekin herriak hartutako erabakiekiko eta errespetua herri eta herritarrekiko!

Hausnar dezatela nora garamatzan horrelako ekintzen bidez desberdin pentsatzen dutenen aurka egiteak, argi geratu baita pedagogia behar handia dutela bakearen eta bizikidetzaren inguruan. 

Oñatiko EAJk irmo jarraituko du Oñatiren eta oñatiarren alde lan egiten, gure ideiak defendatuz, beldur barik eta errespetuan oinarritutako bizikidetza baten aldeko apustua berretsiz. Gu isilarazi nahi gaituztenek ez dute beraien helburua beteko, garai gogorragoetan ere aritutakoak gara eta.

----------

Mikel Iturrospe

Oñatiko EAJ-PNVko udalbatzarra

Oñati

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa