Birusaren lezioa

Urrun daukagu oraindik koronabirusaren krisia kontrolatzea, baina dagoeneko erakutsi dizkigu gauza batzuk.

Bat, osasun sistema ona daukagu, baina argala. Gaixo kopurua igotzen hasi eta berehala antzeman ziren gabeziak, sistemak ez dauka koltxoirik halako egoera bati erantzuteko ohiko jarduera hankaz gora jarri gabe. Gure ohe edo profesionalen ratioak motzak dira, are motzago azken hamarkadako murrizketen ondoren. Balio beza koronabirusak osasun zerbitzuan egiten dugun inbertsioa nabarmen areagotzeko.

Bi, gure agintariak ez daude prestatuta halako krisiak kudeatzeko. Ez dut lidergo irmorik ikusi gizarteari agindu koherenteak emateko, kostu politikoen beldur. Antologikoa izan da asteburuetako konfinamendua, aire librean arnasa hartzea ere debekatuta, astelehenean metroko zuloan edo busetan pilatuta lanera joan behar izateko. Aurrera begira, jar dezagun beti pertsonen osasuna ekonomiaren gainetik.

Eta hiru, ikasten ari gara sare sozialak erabiltzen. Zabor ugari dabil, ohi denez, baina baita elkar hartzeko mila eta bat ekimen adimentsu ere. Pozgarria da txarrenari onena ateratzeko dugun gaitasun hori. Zaindu dezagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak