Atzerritarra euskaldunei laguntzera etorria zen eta bazeraman denboratxo bat hemen. Zalbidek galdegin dio: "Nola ikusten gaituzu euskaltzaleak?". Fishmanek erantzun: "Ekintzaile, kementsu. Gauza asko egiten duzue, baina pentsatzeko astirik hartu gabe. Elefante baten gorputza duzue, baina txoritxo baten burua".
Zalbidek ondorioztatzen du ikerketa soziolinguistikoa falta dugula, askozaz denbora eta baliabide gehiago erabili behar genukeela ikertzen, egiten hasi aurretik pentsatzen. Ados nago.
Euskara da hizkuntza gutxituen artean hedatzen ari den bakarretarikoa. Baina inor etorriko balitzaigu galdezka ea nola lortu dugun hori, ez genuke jakingo erantzuten modu sendoan. Ez dakigu zer egin dugun ondo eta zer egin genezakeen hobeto. Ez daukagu jakinduria zientifikoa egin dugunaren gainean. Kasu aurreratu bat izanda, ez gara soziolinguistikan erreferentziazko adituak.
Baina badira mugimenduak. Soziolinguistika Institutuaren sorrera litzateke urratsik handiena, eta bidean da. Elefanteak behar du bere neurriko burua.