Lasa eta Zabala

Asteon ikusi dut Pablo Maloren filma. Eta bereziki interesatu zait bere alde dokumentala. Hau da, jakitea han ikusten dena –ia dena- gertatu egin zela benetan.

Tortura zuzenean jasan ez dugunoi gogorra egiten zaigu besteena irudikatzea, eta kasu honetan tortura irudikatu beharrik ez dago, ikusi egiten da. Modu lazgarrian, gainera. Modu sinesgarrian, batez ere.

Baina hortik harago, dokumentuaren balio pare bat azpimarratu nahi nuke. Lehena da ze argi erakusten duen inpunitatea, goikoen babesa, torturatzaileak duen askatasuna nahi duen astakeria burutzeko, inori konturik eman beharrik gabe.

Eta bigarrena –zeharkakoa- da nola filmaren estreinaldiak erakutsi duen ahanzturaren arriskua. Hogeita hamar urte dira bi gazteak bahitu zituztela eta jende gehienak ez ditu gertakariak gogoan. Interesa egon da horretan, estatu terrorismoa ezkutatzen, eta begi bakarrarekin errealitatea ikusarazten.

Aldiz, ona da begi biak irekitzea eta dena gogoratzea, inoren minik ez ukatzea eta min guztiak gainditzeko giharra indartzea. Ona, mosaiko batean biltzea alde guztien bizipenak. Horrela bakarrik izango dugu etorkizuna hobea iragan hurbila baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak