"Bestelako Mallorca"

Lagun batek gonbidatuta etorri naiz Mediterraneoko irlara, aurreiritziz josita etorri ere.

Uste nuen turismo neurrigabeak honezkero hondatua izango zuela ingurunea, eta nortasuna ere ez zela oso indartsu ibiliko biztanleen herena jatorri alemaniarrekoa duen komunitatean. Gainera, ziur nengoen agintari ustelen soka jasan izanaren eragina ere nabarmena izango zela edonon. Errematerako, bertako txorimaloak nahikoa ez eta abizen euskalduneko aristokrata berria bueltaka darabilte epaitegira, hiriburuaren izen ona kakazten. Konbentzituta nengoen lagunarengandik penak entzungo nituela, gehienbat. 

Eta, nire pozerako, aurkitu dut oso bestelako Mallorca bat. Herri dotore askoak, turistei baino herritarrei begirakoak; ingurune bikaina eta zaindua, oinbidez zeharkatua ibiltari ugarien zorionerako; herritar abegikorrak eta direnarekin harro, katalan hiztunak guk pozik hartuko genukeen neurrian... 

Ulertzen ez dudana da nola bozkatzen duten bozkatzen dutena. Lagunak ere ez dauka horrentzat azalpen argirik eta, makalaldietan, aipatu izan du gurean eskatuko duela babes politikoa. Egunotan ikusi dudanarekin, ni prest etxe trukerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak