"Euskaraz bizi herrixka globalean"

Globalizazioa. Oso urte gutxitan planetakoak bihurtu gara.

McLuhanen iragarpen famatua orain ulertzen da, 50 urte geroago. Mundua herrixka bat da, lehen guztiz exotiko zitzaizkigun parajeak eta errealitateak orain hurbilekoak ditugu. Handitu egin da munduarekin partekatzen duguna eta higatu berezkoaren esparrua.

Identitatea: 

Aurreko joerak berak piztu du beste bat orekatzailea: erabat uniforme izateari uko egin eta identitateari eustekoa. Eta hau akuilu bihurtu da izaera gordetzen duten komunitateentzat, batez ere berezko hizkuntza dutenentzat. Globalak ez diren hizkuntzak –hau da, ia guztiak– aldarrikatzen dira gero eta gehiago. Uholde globalari eusteko, norberetik eta norberaren hizkuntzan.

Amarauna:

Globalizazioaren tresna nagusia hedabide globalak izan dira, horiei esker bilakatu da herrixka lehen planeta zena. Sare laukidunak lotzen gaitu munduarekin, hurbilekoa eta urrunekoa maila berean jarrita. Aldiz, gure egunerokoa hurbilean gauzatzen da zati handian, oraindik. Sare laukidunean baino, amaraunean: gu erdigunean, hurbilekoa ondoan, urrunekoa harago. Hedabideak behar hurbilekoa kontatzeko.

Euskara: 

Euskaldunon berezko hizkuntza, mende luzez ahuldua batzuk eta besteek, azken hamarkadetan suspertu nahi duguna. Badu gaitasunik, ari da irabazten hiztunak eta esparruak, behar du bere komunitatearen nahia. Behar du euskalduna jabetzea euskarak nortasuna ematen diola munduan egoteko. 

Euskara herria: 

Euskararen herrian orain minoria da bere hiztunen komunitatea. Ez da bilakaera naturala izan, behartua baizik. Eta ez da derrigorrezkoa, ez eta atzeraezina ere. Kontua da eraginen norabidea aldatzea eta alde jartzea, euskara bizi dadin. Hiztunen nahia behar da horretarako. Euskaldun bizi nahi sendoa eta konbentzimendu handia. Eta –zer esanik ez– aukera berdintasuna, baldintza egokiak, ahalmendunaren bulkada...

Euskara elkarteak:

Komunitatearen nahiak sortu zituen, euskaraz bizitzeko esparruak behar zirelako. Arrasate Euskaldun Dezagun jarri zion bere buruari izena sortu zen lehenak. Ezin argiago. Euskaraz bizitzeko, herria euskaldundu. Arrakasta izan zuen asmakizunak, eta ziento bat elkarte sortu da harrezkero, beste horrenbeste herritan.

Toki hedabideak: 

Denek ez zuten McLuhan ezagutuko, baina euskara elkarteek argi ikusi zuten amaraunaren premia. Gutaz eta hurbilekoaz jarduteko hedabideak, gure hizkuntzan. Informazio uholdearen baitan komunitate irauteko, euskaratik. Berriro arrakasta, eta dozenaka toki hedabide sortu ziren 90eko hamarkadan, erdaretan zeudenei nagusituz. Lehia irekian urrezko domina irabazi zuen hor euskarak. Ez ditu asko bitrinan.

Batera:

Herriz herriko elkarteak indartzeko sortu zen Topagunea duela 15 urte, eta toki komunikabideak bateratzeko eratu da Tokikom aurten. Batera hobeto eragiteko. Eta Kontseiluan ere helburu berarekin ari gara. Euskara herrian gero eta indartsuagoa izan dadin euskararen nahia, euskaraz bizi nahia. 

Hain zuzen, horregatik deitzen dizugu abenduaren 1ean Donostiara joan gaitezen: aukera berdintasuna, baldintza egokiak eta nahikotasuna lortzeko, bagarela eta izaten jarraitu nahi dugula indarrez adierazteko. 

Herrixka globalean euskaraz bizi nahi dugulako.

--------------------

Mikel Irizar eta Jasone Mendizabal 

(Topaguneko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak