Memoriak txinpartaka funtzionatzen du batzuetan, txalo baten iraupenean hogeita hamar urte atzera egiteraino.

Batek ez daki zerk eragiten duen pospoloa, zentzumenetatik zeinek gainditzen duen iraganeko izkina hori argitzeko beharrezko marruskadura. 70eko hamarkada amaierako adreilu agerien arkitektura labirintikoak, agian. Lau paretaz kanpo erreboteka libreago dabilen musika ozenak, akaso. Negu osteko eguzkiaren beroak itzalik aurkitu gabe azalean eragindakoak, bestela. Edo pantaila eta teknologia aurrerapenetatik kanpo geratu den usainak, izerdi, janari eta margo-plastilina anabasa deskribagaitz horrek.

Gauza da errealitate birtualik gabe auzoko jai batean zaudela ostera ere mende herena pasata: haurrentzako txokoak, taberna inprobisatua eta patata-tortilla lehiaketa. Ingurura begiratu eta behera okertu behar lepoa orain, joko berrian zure aita bihurtu zarelako eta alabak lotsagabe kendu dizulako marrazki lehiaketan parte hartzeko pribilegioa. Egunak ez dizu atsedenik emango: toka jokoa, txokolate-jana eta dantzaldia.

Lehengusinak txerrikumea harrapatu zuen duela hogeita hamar urte Boluko jaietan Bergaran. Pilota partida jendetsuak etortzen zaizkit gogora, espresuki egunerako eramandako markagailu gorri-urdina paretan. Eta gauarekin batera, Miguelín el cashero-ren bertsioarekin amaitzen zen berbena.

Iraganaren nostalgia beharrean, etorkizuneko nostalgia hartu diet lehendabizikoz ezagutu ditudan Arrasateko Altamirako jaiei. Alabak, beharbada, hemendik 2050eko hamarkadan Altamirako jaietara joatean igarri duena. 

Eskerrik asko, bide batez, antolaketan parte hartu duten familiei, eta segi dezala kateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak