Eskerrik asko, Arrate

Eibartik etorri bazinen ere, berehala bihurtu zinen Bergarakua, bertako pediatra izateaz gain, beste esparru askotan inplikatu zinen-eta: euskara munduan, Orfeoian, Udalean...

Nik neure semearen pediatra zinelako ezagutu zintudan, orain dela hogeita bi urte. Eta ez zinen, ez, edonolako pediatra, ez! Amaberriak ginenontzat, gertutasun handiz tratatzen gintuzun profesionala zinen; beti laguntzeko eta aholkuak emateko prest, mimo eta profesionaltasun handiz jokatzen zenuen. Berehala ohartu ginen zure lana gustuko zenuela. Hori profesionaltasuna eta pazientzia zurea! Konfiantza osoa genuen zuregan.

Urte batzuk pasa ondoren, Orfeoian sartu zinen eta elkarren ondoan abestea tokatu zitzaigun, eta han, nolako pertsona zinen ezagutzeko aukera eman zenidan. Lagun ona izateaz gain, langile sutsua zinen, beti antolakuntzarako prest; baikorra benetan! Beti ingurukoak animatzen –"Baietz! Guk nota hori eman dezakegula, oso altua izan arren!"... eta horrelakoak–. Orfeoiko lehendakari zinela ere makina bat lan egin zenuen.

Hutsune handia utzi duzu, Arrate, bai Orfeoian, bai anbulatorioan, baita herrian ere; horregatik, eskerrak eman nahi dizkizugu, bihotz- bihotzez, zu ezagutzeko eta maitatzeko eman diguzun aukeragatik.

Zurekin pasatako egunek poztuko dituzte gure oroitzapenak.

Muxu handi bat zuretzat, Arrate.

----------

Miren Gurutze Arana

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak