Behin batean (beste) osoko bilkura xelebre bat (Antzuolan)

Udal aurrekontuak aurrera ateratzeko udal osoko bilkura batek ematen ote du ipuin bat kontatzeko? Ez dirudi gai aproposa, baina hau idazten jartzerakoan, erronkari egin diot.

Bildu 7- gainontzekook (EAJko udal taldekook) 2. Edozein bozketatarako ez da handicap makala, betiere gure kaltetan, jakina.

Honetaz ari garela, gure taldekide eta lagun zen Eliseo Garcia gogora ekarri nahiko nuke. Baina bera bizi izan balitz ere ez zen askorik aldatuko gaurko ipuintxoa.

Prepotentzia politiko izugarriaren inguruan josi nahi dudan ipuina.

Ohikoa izaten da aspaldidanik, leku askotan, oposizioaren ahotik gobernuaren kontrako “prepotentzia” salaketa egitea. Azken finean, erraz samarra suertatzen baita, botereak beti dakarrelako berarekin halako “prepotentziakeria” kutsu bat. Tira, hau irakurtzen ari zareten Bildutarrentzat: Bildu agintean dagoenean izan ezik, hori jakina da. Nola ba izan prepotente, “transparentzia”, “partaidetza”, “herrikoi” izaera, “beste politika baten gordailua”… den aukera? Ontologikoki ezinezkoa!

Non ikusi da udal aurrekontuak Ogasun batzorde bakar batean azaldu izana? Antzuolan. Goizeko zortzi eta erdietan biltzen den batzorde horietako batean, eta… handik zuzenean ezohiko osoko bilkura batera.

Bide batez, “ohikoak” baino askoz ere ohikoagoak diren “ezohiko” osoko bilkura horietako batera.

Osoko bilkuretan, edonola, ohikoa izaten da talde guztiek hitza erabiltzeko eskubidea izatea –tira, iazko Antzuolako aurrekontuen osoko bilkuran izan ezik, alkate andreak hitza ukatu baitzigun. Baina hori ere ez da, jakina, prepotentzia zantzua, Antzuolan Bilduk ohizkotasunez egiten dituen hamaika “akats” horietakoak baizik, zeinek uka!

Aurtengoan hitz egin izan ahal dugu. Eta gure ezezkorako arrazoiak azaldu. Ez zitzaizkien gustatu arrazoiak, bistakoa izan zenez.

Ez zitzaien gustatu Bildukoei Bildurena ez den herri-ordezkaritzarekin erabat oztopatzaile, ilun eta transparentziaren kontrako izatearen gure salaketa. Irakurle, aukera baduzu, eskura ezazu aurrekontuen dokumentua (web orrian nekez) eta zera ikusiko duzu: ez dagoela partida bat bera ere, ezta bat ere, zertarako den adierazten duenik. Beno, bai, bakarra: udaletxeko igogailuarena. Eta berori, ba… Antzuolan, ohikoa denez, udaletxe bakarra dagoelako.

Bildukoei ez zitzaien gustatu urtero-urtero, geroz eta handiago, atez ateko zabor bilketak eragiten duen zuloa agerian utzi izana: 2013an 70.000 euroko zuloa, 2014an 80.000koa eta 2015ean, berriz, 91.000 eurokoa. Hiru urtetan, zabor bilketaren defizita: 241.000 euro. Esan genuenean hamar urtetan xahututakoarekin Antzuolarako gauza handiak egin zitezkeela… haserre samar agertu ziren. “Ingurumenaren alde!” esan zuten, “herri erditik pasatzen den makro-azpiegitura-suntsatzailean gastatutako diruarekin bai egin zitezkeela makina bat gauza!!”, oihu egin zuten. Eta oihuak bere grazia eduki zuen: bat, jakin badakitelako –nahiz Bilduri oro har berdin zaion egia zein den jakin arren egia ez dena sinestea– trena Madrilek ordaintzen duela eta, logikaz, diru hori trenerako edo beste ezertarako ez dela. Bi, “herritik pasatzen diren makro-azpiegitura-suntsitzaileen” artean… Aldundiak ordaintzen duen errepidea ahaztu zutelako.

Gauzak horrela, bereziki salatu genuen Mankomunitate eta kontsortzioei izenburu duen partida, ia 400.000 eurokoa: zein mankomunitatera zer-nolako programetarako inolako aipamenik gabeko partida. Ez da bidezkoa Udalaren gastu zatirik handiena horrela bentilatzea aurrekontu batean. Eta orduan… alkatea eta bere zinegotziek antzezpen txiki bat egin ziguten: guk ez genuela ikusi, baina partida horren xehetasunak “dokumentuan gorago” zeudela zin eginez. Ia konbentzitu egin gintuzten gure hanka sartzea izan zela… baina ez. Guri bidalitakoan ez dago horren inolako aipamenik, ez goian ez behean, ez albo batean. Harrapa ezan!

Eta Antzuolako aurrekontuen ipuina amaierara hurbiltzen ari zela, azken kapitulu interesante bat aipatu genuen: alkatearen soldatarena. Bilduk jaitsi egin zuen soldata agintaldi honen hasieran, aurreko ANVko alkateak zeukanarekin alderatuz. Guk orduan esan genuen ez geundela ados, ez genuela uste orduan izendatu berria zen alkate andreak bere aurrekoak baino gutxiago kobratu behar zuenik; ez, behintzat, alkatetza batek behar duen dedikazioa eta gogoa jartzeko asmoa bazeukan. Eta zer da eta orain, azkenengo aurrekontuan %27 igo dute alkatearen soldata. Ba, aizue, izan zuen esplikaziorik alkatearen beraren ahotan: “Hauteskunde ondoren gehiago kobratzea erabaki dut”. Beraz, 2016an Antzuolako alkate izango denak –oraingoa izan, edo, ikusteke dagoena, besteren bat izan– %54 gehiago kobratuko du urte osoan, %27ko igoera ekainetik aurrera aplikatuko bada aurtengoan. Bitako bat: edo gutxi kobratzen aspertu da, edo Bilduk buruan duen hautagaiak oraingoak baino gehiago merezi du.

Eta honekin, eta beste batzuekin, bukatu zen azken osoko bilkurako kontua. Etorriko den Udal Gobernuak oraingoak baino kudeaketarako grina handiagoa eta prepotentzia txikiagoa izatea espero dugu. Badauka non hobetua.

----------

Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola

(Antzuolako EAJko zinegotzia)

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak