Txepeldu aurretik

Greba feminista orokorra arrakastatsua izan zela adierazi zuen Euskal Herriko mugimendu feministak.

Egun historikotzat jo zuten. Eta ziur naiz askok ez dutela berehalakoan ahaztuko; hainbeste denbora ibili baitira emakume asko, emakume gazte eta heldu asko, auzoz auzo, herriz herri, azaroaren 30ekoa prestatzen.

Jule Goikotxeak Público-n egindako elkarrizketan zioen era deszentralizatuan antolatu dela, behetik gora, "auzoetan, bizitza gertatzen den lekuetan. Ez bakarrik soldata dagoen lekuan, baizik eta bizitza dagoen lekuetan, bizi orok behar duelako zaintza-lana". Horrek sekulako balioa duela zioen, ia borroka guztiak gehitu ahal izan direlako, baita greba egin ezin duten emakumeak ere –interna lan egiten dutelako, paperik gabe ari diren migratzaileak direlako...–.

Horregatik ere, aho bete hortz geratzen naiz hainbat gizoni, estudiatuak eurak, entzuteaz talde ez-mistoetan erabaki garrantzitsuak hartzea onartezina eta iraingarria dela.

Lagun batek kontatu zidan aurrekoan bere lagun mutilak erasotzat hartzen hasiak direla mugimendu feministaren garaipenak eta horrek eraman dituela, gainera, teorizatzera gauza oso erradikalak egiten dituztelako babesa galtzen ari direla feministak; alegia, euren babesa.

Ze momentutan sumatu diren interpelatuak erabakiak, jada, ez dituztelako bakarrik gizonek hartzen? Zein unetan ohartu dira berdintasunak negoziazioa eskatzen duela, eta horrek dakarrela gizonek urteetan izan duten boterearen zati bati uko egitea? Zein unetan sartu zaie azkura emakumeek lortu dutelako adieraztea, hain argi, zaintza denoi dagokigula, emakume nahiz gizon, gazte nahiz heldu, hemengo nahiz hango, zuri nahiz beltz, soldatapeko nahiz ez... Igual izango da orain bai lurra mugitzen hasi zaiela eta egokitzeak eragiten dien lan horrek eraman dituela, badaezpada, errefusatzera, ukatzera, aldentzera... ez dakitelako nola gehitu, egokitu, parte hartu, zaindu?

Bada, berri on bat despistatu eta suminduei: ez da kromosoma kontua; zaintzen ikasi egiten da.

Eta lehenbailehen komeni zaigu denoi horrekin ohartzea, Despentes parafraseatuz, denborarik galdu ez dezagun lagun genituen eta txepeldu diren horiek ulertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak