Aukeran, bozkatzera

Kanpaina betean dator aste honetako Nire txanda; atzerako kontaketan, baina oraindik ere luze irudituko zaio bati baino gehiagori.

Izan ere, hauteskunde-kanpaina –lagun batek astokunde esan ohi die– ofizialki maiatzaren 12an hasiko da. Baina kanpainaurre luze baten ondotik etorri da. Alegia, maiatzaren 28ra orduko, gogaituko dela bat baino gehiago. Eta gero zer? Bada, Antzuolan aldaketa. Pertsonetan bai, behintzat. Apirilaren 28ko Goiena-n ikusi nituen hautagaiak, eta arreta eman zidan, besteak beste, gehienak ezezagunak nituela. Tira, abizenek pistak ematen dituzte, baina bestela... Urte asko dira ez dudala Antzuolan bozkatzen, eta denbora denentzat igarotzen da. Hautagaitza nagusi biak aintzat hartuta ere nabarmena da adin-tartea. Bistan da jeltzaleek dutela gaztetzeko arazo handiena: beterano gehien batu dituzte eurek. Aldiz, EH Bilduren hautagaitzan beteranoak gutxiengoa dira, eta, Goiena-n irakurri dudanez, gainera, zinegotzi diren bik baino ez dute errepikatzen zerrendan.

Askotan pentsatu izan dut denok hartu beharko genukeela konpromisoa aldi batez udalean jarduteko eta herri-kudeaketa zer den ikasteko. Baina gure hauteskunde-sisteman zerrendaren batean aurkeztu behar dugunez, ez da beti erraza izaten hautua egitea, hargatik. Neronek ere ezetz esan nuen behinola egin zidaten eskaintzari. Horregatik, meritua aitortzen diet urratsa egin eta konpromisoa hartzen dutenei. Horixe da-eta udal hauteskundeetara aurkeztea: konpromisoa. Izan ere, badakigu jakin ez dela esker oneko lana, beti dugula kexarako joera handia. Eta, jakina, borondatea jartzen dionak ere nahi izaten du, tarteka bada ere, berba onak entzun.

Baina kexa izaten da nagusi, baita botoa ematera joaten ez direnen artean ere. 2019ko udal hauteskundeen abstentzioa %34,03koa izan zen Erkidegoan; Antzuolan, %25ekoa –lautik batek ez zuen bozkatu–. Horretan ere, zerrendetara gehitzeko unean bezala, aiherga nabari da gure gizartean: ez dugu konpromisorik nahi.

Bide batez, abstentzio-zaleak: inoiz pentsatu duzue boto baliogabearen edo boto zuriaren aukeran? Zuriak alderdi txikienei kalte egin diezaieke, eta, beraz, handiei mesede egin, kontatzen den botoa delako. Baliogabeak, berriz, haserrea adierazteko balio dezake, inor kaltetu barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak