Galdera anitz

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2024ko ots. 3a, 00:00

Inkestak gora, inkestak behera, gure ingurunean egiten eta plazaratzen diren horietako gehienek premiazkoak zaizkigun hainbat erronka islatzen dituzte.

Biztanleriaren zati handi baten ziurgabetasuna –batez ere, gazteenena– eta etorkizunarekiko asegabetasuna.

Bide batez, Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen diagnostikoek, azken PISA informearekin bat eginez, gure hezkuntza-sistema arlo ezberdinetan huts egiten ari dela airean uzten dute, eta euskararen normalizazioari dagokionez kezka berezia agertzen dute; izan ere, ikasle askorentzat, eskualde edo eremu ez hain euskaldunetan, batik bat, kanpo-hizkuntza baten antzerako tresna baino ez omen da euskara.

Ziurgabetasunaren gordinkeria argi eta garbi zeharkatzen dute lan-prekarietateak, soldata txikien errealitateak –indarrean sartu diren aldaketa positiboek ez dute egoera hori iraultzerik izan– eta etxebizitzari eusteko ezintasun eskandalagarri eta nabarmenak. Hala, horrek guztiorrek ia ezinezko egiten du 40 urtetik beherakoentzako etorkizun xume baten ametsa ere. 

Galdera anitz egin beharra diogu geure buruari. Gizarte osoaren ardura da, baina, batez ere eta bereziki, ezinbestekoa da –urgentziazkoa– gure arduradunek beren onena ematea, premiazko erantzunak aurkitzea, desadostasunen gainetik adostasun estrategikoak lortzea, zabalak; hau da, ezberdinen artekoak. Etengabeko zarataz harago.

Lehen mailako helburu horiek ordezkari hautetsien ibilbide luze eta mugagabeekiko alderantziz-proportzionala dela esango nuke, aldiz. Presarik ez dutela ematen du. Politikaren profesionalizazioak dakartzan kalteen inguruko eztabaida zintzo bat falta zaigu oraindik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak