Bakardadeaz

Maitasunak, maite-minak eta heriotzak bezain beste abesti, poesia edo eleberri inspiratuko zituen bakardadeak. 

Edo bakardadearekiko beldurrak. Izan ere, izaki sozialak izanik, esango nuke orokorrean bakardadea ez dela bereziki gogoko dugun zerbait –batez ere, aukeratu gabea denean–, eta kosta egiten zaigula berau kudeatzen eta dastatzen ikastea.

Bi bakardade mota bereizten ditut: inposatua eta aukeratua. Lehenengoak, Anarik abestu bezala, batez ere gauez bortxatzen gaitu ohean, baina eguneko edozein unetan harrapatu gaitzake. Bakardade mingotsa da, sentitu nahiko ez genukeena. Edozein momentu herren uzten du eta gabezia sentsazioa dakar berarekin. Bikotekidea eduki nahi baina ez dugunean, lagunak falta zaizkigunean, familiarengandik urrun gaudenean, arazoren baten aurrean konpondu ezin eta inorengana jo ezin dugunean... Norbaiten faltatik etorri daiteke bakardade hori, baina baita ere norbaiten soberatik; pertsona desegokien inguruan gabiltzala sentitzean jendez inguraturik ere sentitu baikaitezke bakarrik.

Bigarren bakardade motak, aukeratutakoak, geure buruaren jabe egin eta adorez bustitzen gaitu, Napoka Iriak kantatu bezala. Bakardade gozoa da, betetasuna eta ahalduntzea sentiarazten dizkiguna, eta edozein momentutan gogobetetze irribarrea atera diezagukeena. Norbere buruarekin egoten eta gozatzen ikasten dugunean dastatzen da: bakarkako ibilaldi edo asteburu-pasa batean, jatetxe batean lehen aldiz bakarrik afaltzera ausartzen zarenean... beste norbaitekin gustura egingo zenukeen hori zeure buruari oparitzen diozunean, alegia.

Aukeratutako bakardade hori gozoa da, bai. Baina nondik aukeratzen den, hor dago gakoa. Erraza da hasiera eta amaiera izango duela dakigun denbora tarte batez bakarrik egotea aukeratzea, bueltan norbaiten besoak zabalik izango ditugula jakinda. Oso bestelakoa da bakarrik egotea aukeratzea norbere zain norbera bakarrik egongo dela jakinda. Bakardade hori benetan gozatzeko gaitasuna oso gutxik garatzen dutela esango nuke, eta miresten ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak