Dena dela, sute horrek gauza positiboak ere ekarri dituela aldarrikatu nahiko genuke. Gipuzkoan ikaragarri igo dugu hondakinen sailkatze tasa. Zer esanik ez Debagoienean! Berez, pozik egoteko motiboak baditugu, eta horregatik herritar guztiak zoriondu nahiko genituzke erakutsi duten konpromisoagatik.
Arlo politikoan ere aurrerapauso erraldoiak egon direla esan daiteke. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen %80ko sailkatze tasa lortu daitekeenik. Gehiago esango genuke, inork ez du dudan jartzen hori lortzeko erabiltzen den bilketa sistema derrigorrezkoa izan behar denik. Pentsa, kontsulta derrigorrezko eta borondatezko bi sistemaren arteko aukeraketa planteatzetik, bi derrigorrezko sistemaren arteko kontsulta planteatzera pasatu da. Borondatezko sistema aldarrikatzetik –%40 lortzen duena– derrigorrezko bat defendatzera pasatu dira batzuk –%80ko emaitza lortzen duena–. Hor dago gakoa, eta lortu dugun aldaketa.
Lortu duguna lortuta, denon artean bukaera eman behar diogu piztu zen suteari: norberak autokritika eginez, eta besteengana zintzotasunez zuzenduz. Aretxabaletan lortu dugu! Ados jarri gara %80ko tasa bermatzeko. Aretxabaletako Irabazik eta EH Bilduk ontzat hartzen ditugu planteatutako bi sistemak, nahiz eta bakoitzak indarguneak eta ahulguneak eduki. Biek helburuei eustea lortuko dute, seguru gaude!
Eta Aretxabaletako eredua esportatzea nahiko genuke. Gaur egun ez dago aitzakiarik %80tik beherako emaitzetan mantentzeko. Gipuzkoa osoan eta epe motzean sistema eraginkorrak jartzeko eskakizuna egiten dugu; Gatzagatik Hondarribira eta Ataundik Mutrikura.
Hori gertatuko balitz, Gipuzkoan errauskailuaren mamua betiko desagertuko litzateke.
Eta helburua bakarra: ea lortzen dugun gutxiago sortu eta kontsumitzea.
Baietz lortu!
----------
Luis Gomez (Irabazi) eta Xabier Igartua (EH Bildu)
Aretxabaleta