Juanjo Ansoategiri, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Kristina Pavo Nuñez 2021ko api. 18a, 00:00

Azkarregi eta isil-isilik joan zaigun Juanjo Ansoategiri esker ona eman nahi diogu EMUNeko kideok.

Frankismo bete-betean jaiotako beste askorentzat bezala, euskara ez zen indargunea izan Ansoategirentzat. Izan ere, Francoren diktadurak arrakasta izan zuen, eta belaunaldi bakarra nahikoa izan zen familia askotan euskararen transmisioa mozteko.

Hala ere, Ansoategik ibilbide oparoa egin zuen euskarari dagokionez: era guztietako bilerak natural gaztelaniaz egitetik, lehen urratsa egin zuen "nigatik ez hitz egin gaztelaniaz" esanda, eta, denbora batera, bileretan euskaraz egitera pasatu zen.

Are oparoagoa izan da Fagor Taldeko lehendakari eta euskaltzale gisa egindako bidea.

Lan munduko euskara planek bide labur-laburra zutela, hasieratik bertatik (1996-1997) bultzatu zituen Fagor Ederlanen eta Fagor Taldean. Eta, horrekin batera, proiektu hasi berria baino ez zen EMUNen aldeko apustua egin zuen. Ordudanik, Fagor Taldea gure kooperatibako bazkide da.

Urte batzuk geroago, konfiantzan, ea euskara planak hasierako asmoak eta helburuak betetzen ari ziren galdetzerakoan, bere erantzuna oso pozgarria izan zen guretzat: "Euskara planarena urrunago doa, enpresa bera aldatzen ari delako; zerbait desberdina da". Ez gara luzatuko, Esau, zurekin izandako hartu-emanak kontatzen, bakar-bakarrik eskerrak eman nahi dizkizugu, bihotz-bihotzez. Eskerrik asko, besteak beste, kooperatibak euskararen bidean sartu eta gure aldeko apustua egin izanagatik.

Ez da zalantzarik, EMUN gaur egun dena izan dadin ehunka pertsonaren eguneroko lana dago atzean, eta zu zara errealitate horren eragile garrantzitsu bat.

Juanjo, Ansoategi, Esau. Beti buruargi, lanerako beti prest, gehienetan itzalean edo isilik, ahal zenuen guztietan argazkitik kanpo, eta ezinezkoa zenean, argazkiaren ertzean. Egin duzuna handia izan da. EMUNetik zure osotasuna eta, zehazki, zure euskaltzaletasuna goraipatu nahi ditugu.

Guk emun eta emun jarraituko dugu eta, bide horretan, gurekin jarraituko duzu. Agur, Ansoategi!

----------

Kristina Pavo Nuñez

EMUN kooperatiba elkarteko lehendakaria, EMUNeko lantalde osoaren izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak