Estilo ugaritako ikuskizuna ostiralean Kilometroak 2016ko abestia aurkezteko

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2016 Bergara 2016ko mai. 18a, 16:38
Muruamendiaraz, Barruso eta Vega.

Kilometroak 2016ko abesti ofiziala, 'Demasa', aurkezteko jaialdia eta horren aurretik kalea girotzeko egingo diren ekitaldiak, askotariko estilo eta joerakoak izango dira: musika, dantza, antzerkia, kirola, irudiak, argiak, umoreak… izango du tokia. Espektakulu anitza izango da, hortaz, Kilometroak 2016 bezala. Oraingo ostiralean, maiatzaren 20an, Bergaran izango da jaialdia: 22:00etan hasita Udal Pilotalekuan eta, horren aurretik, kalean. Sarrerak salgai daude oraindik. Sarrerak HEMEN

Iker Muruamendiaraz jaialdiaren arduradunak nabarmendu du "ikuskizun arina" egin nahi izan dutela. Alde urbanoak izan du tokia ikuskizunaren diseinuan eta keinua egingo zaie "kaleko kultura adierazpenei" dio. Izango da "dinamikoa eta askotarikoa, adierazpen artistiko ezberdinekoa, argiek eta irudiek inportantzia hartuko dutelarik" dio Muruamendiarazek.

Oihan Vega eta Amaia Txintxurreta kazetariek aurkeztuko dute saioa. Biek ala biek nabarmendu dute jaialdi herrikoia eta, era berean, askotariko kalitatezko emanaldiz osaturikoa izango dela ostiralekoa.

Ane Barruso Aranzadi Ikastolako zuzendariak dei egin die herritarrei jaialdian parte hartzeko, bai Aranzadi Ikastolako komunitatea osatzen dutenei edota Kilometroak 2016ren bueltan dabiltzanei, zein herritar orori: "Edozein herritarri, zahar ala gazte, gustatzeko modukoa izango da jaialdia", esan du.

Sarrerak geratzen dira

Sarrerak salgai daude Pikupe Produkzioek Bergarako Artekalen duten bulegoan, edota Internetetik Kutxabanken. 6 euro balio dute. Salmenta bide onetik doala nabarmendu dute antolatzaileek, baina bizkor ibiltzeko gomendatu diete herritarrei, "inor sarrera barik gera ez dadin". Salmentan jarri dituzten 800 sarrera guztietatik bat edo beste saltzeko geratuko balira, ostiralean bertan, Udal Pilotalekuko txarteldegian ere jarriko lituzkete azken sarrera horiek salgai, ikuskizuna baino ordubete lehenago.

Ikuskizunean parte hartuko dutenak

Bergarako Erraldoi Taldea eta ttrikitilariak. Kalejira egingo dute herriko kale nagusietan barrena, 19:30ean hasita, jai giroan murgiltzeko. Fraiskozuri plazan, Udal Pilotaleku aurrean, amaituko dute.

Azkaiter Pelox Trio. Unai Azkaratek (gitarra eta ahotsa), Jon Zabaletak (baxua eta ahotsa) eta Aitor Aranburuk (bateria) osatutako hirukoteak, blues, rock eta soul doinuekin berotuko dute gaua, jaialdiaren aurretik. 21:00etatik hasita, Udal Pilotaleku aurrealdean.

Iñaki Mata eta 'Barreras' ikuskizuna. Aktore, txotxongilo egile eta aktore antzuolarra Barreras ikuskizunarekin dator jaialdira. Taun Taun txotxongilo taldearen sortzaile izandakoak bakarka dihardu azkenaldian antzerkigintzan eta txotxongilogintzan murgilduta. Barreras ikuskizunean, gurpildun aulkia darabil maisuki, objektuak, txotxongiloak eta clown-aktoreak bat egiten dutelarik. 21:30ean, Fraiskozuri plazan, jaialdiaren aurretik.

Amaia, Ekaitz eta Asier. Aranzadi Ikastolako langilez osatutako hirukoteak, musika emanaldi hunkigarria eskainiko digu, irudiz lagunduta.

Markel Uriarte. Txirrindulari aretxabaletarrak ikuskizuna eskainiko digu bizikletaren gainean, edozein dela aurrean aurkitzen duen oztopoa ere, maisuki eta abilki gainditzen duelarik. Gurpil bakarrean Tourmaleta igotakoa da, besteak beste.

Asier Kidam magoa. Ez dira asko mago euskaldunak, euskarazko ikuskizunak egiten dituen Kidamen mailakoak bakar batzuk. Gasteiztarrak zur eta lur utziko digu, txanponak, kartak, sokak, kateak, panpinak eta beste erabilita.

Olmar Elejaga eta Manex Alberdi. Camden Town dantza akademiako Olmar Elejagak eta Musirakan aritutako Manex Alberdik, dantza desafioa eskainiko dute, norbere estiloari eutsita, aurrez aurre: Elejagak, dantza moderno eta latindarrekin, bereziki; Alberdik, tradizioa maisuki berrituta, euskal dantzari eutsita.

Emon. Bukaerarako utziko dugu ginga, espektakulu askotarikoa borobiltzeko ginga: Kilometroak 2016ko abesti ofizialaren zuzeneko estreinaldia. Demasa eta beste eskainiko digute, abestian parte hartu duten ikastolako umeen laguntzarekin eta dantzan jarriko dituzte harmailetan batutakoak.

Ander Barruso. Artista bergararrak horma irudi bat margotuko du espektakuluak irauten duen bitartean.

Amaia Txintxurreta eta Oihan Vega. Ikuskizunean beste hainbat sorpresa ere izango da, argiek eta irudiek garrantzia izango dutelarik. Amaia Txintxurreta (Goiena) eta Oihan Vega (EITB) kazetari eta DJ debagoiendarrek aurkeztuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak