Salgai daude Kilometroak 2016ko abesti ofiziala aurkezteko jaialdirako sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2016 Bergara 2016ko mai. 5a, 11:42
Abestiaren bideokliparen grabaketaren irudi bat.

Salgai daude Kilometroak 2016ko abesti ofiziala, Demasa, zuzenean aurkezteko jaialdirako sarrerak. Maiatzaren 20an, ostirala, 22:00etan hasiko da Udal Pilotalekuan. Sei eurotan daude salgai sarrerak eta Internetetik eros daitezke, zenbakia dute-eta, www.pikupe.com webgunean.

Pikupe Produkzioek Bergarako Artekalean duten egoitzan ere eskura daitezke, bulego orduetan: 09:00-13:00 eta 16:00-19:00.

Emonen emanaldiaz gain, beste hainbat iragarri dituzte abestiaren aurkezpen jaialdirako. Era askotakoak, gainera: Manex Alberdi eta Olmar Elejaga dantzarien desafioa; Iñaki Mata eta haren Barreras txotxongilo ikuskizuna; Asier Kidam mago euskaldunaren emanaldia; Markel Uriarte txirrindulari aretxabaletarraren erakustaldia bizikletaren gainean…

Emanaldiaren aurretik, 19:30ean, kalejira bat izango da Bergarako Erraldoi Taldearekin eta trikitilari zein soinujoleekin, gaua girotzeko, eta kalejira hori 09:00ak aldera amaituko da, Udal Pilotalekuaren kanpoaldean. Bertan, eta jaialdia hasi arte, Azkaiter Pelox Trio eta Iñaki Mata izango dira.

Amaia Txintxurreta (Goiena Komunikazio Taldea) eta Oihan Vega (EITB) kazetariek aurkeztuko dute saioa.

"Ikuskizun arin, emanaldi askotarikoekin, eta ikusgarria egin nahi dugu, familia osoarendako eta ondo pasatzeko. Gainera, Demasa abestia lehen aldiz zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango dugu Emonen eskutik eta abestian parte hartu duten hainbat gonbidatu bertan izango dira" dio ikuskizunaren koordinatzaile Iker Muruamendiaratzek. "Ukitu urbanoa eman nahi diogu ikuskizunari eta hala, kaleko dantzak, grafitiak, bizikleta gaineko akrobaziak eta beste izango ditugu" dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak