Kilometroak 2016 jaian umeena izango den espazio bat diseinatzeko prozesua abian da

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2016 Bergara 2016ko api. 20a, 16:13

Herriko hezkuntza alorreko eragileak, gurasoak eta herritarrak oro har, elkartu dira Airez taldeak eta Kilometroak 2016k aurten elkarrekin bultzatuko duten 'Blai-blai' prozesuaren aurkezpenean. Bergarako Irizar jauregian egin dute aurkezpena.

Aurkezpen labur baten ondoren, prozesuaren inguruan sortu zitezkeen zalantza eta ekarpenez hitz egin dute. "Proposamen ugari jaso ditugu eta benetan baliagarriak izan dira" adierazi dute Airez taldetik.

Aurkezpenera azaldutako jendeak prozesu honen inguruan agertutako "interesa eta ilusioa" azpimarratu dute bultzagileek, eta saio honetan egindako ekarpenak "oso baliagarriak" izan zirela diote.

Prozesurako jende gehiagoren inplikazioa lortzeko beste saiakera bat egingo dute. Batez ere, haur txikiak eta hauen gurasoak batu nahi dituzte prozesura. Hori, hala, maiatzaren 3an beste batzar bat egingo dute prozesuari hasiera emateko.

Hiri antolamenduak bizitzan duen eraginaz jabetuta, hori moldatzeko herritarren parte hartzea posible egingo duen metodologia berritzaileak aplikatzea helburu duen taldea da Airez. Taldea sortu aurretik, Berrekin. Berregin prozesuan ibilitakoak dira kideetako asko, eta bertan, hiri ereduaren eta hezkuntzaren inguruko hainbat gogoeta egin zituzten.

Kilometroak 2016 jaia Bergaran ospatuko dela ikusita eta herritarren parte hartzean sakontzeko apustua egin nahi dutela ikusita, bertan parte hartzea erabaki eta honela sortu da Blai-blai prozesua. Kilometroak 2016 eta Airez taldea elkarrekin ari dira Blai-blai prozesuan.

Haurrendako espazio bat

"Blai-blai prozesuaren helburua da Bergaran egingo den Kilometroak 2016 baitan haurrena izango den espazio bat eratzea. Herriko espazio horretan eraldaketa bat egitera goaz, baina azpimarratu beharra dago emaitzaz aparte, hori zergatik eta nola egiten dugun ere garrantzitsua dela".

Prozesu honetatik irtengo den gunearen diseinua jai egun horri begira diseinatutakoa izango da. Baina prozesu honen bitartez egun horretarako egin beharreko bidea azpimarratu nahi izan dute bultzagileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak