Kilometroak 2016ren baitan, martxoaren 6an Donostian jokatuko den lilatoira joateko taldea osatzeko deia egin dute. Lasterketan parte hartu nahi dutenendako da deia. Izen-ematea Demasa dendan egingo ahal izango da, baina dagoeneko izena emanda dutenak ere dendatik pasa daitezke eta izena eman, "Bergaratik denak elkarrekin" joateko.

Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko urtero egiten den lasterketa da Lilatoia. Gisako beterano eta ospetsuenetakoa: 27. edizioa da aurtengoa. 10:00etan abiatuko da Bulebarretik eta 5 kilometroko distantzia egin beharko dute lasterkariek.

Bergaratik ere geroago eta jende gehiago doa lilatoira eta Kilometroak 2016 dela-eta, Bergarako lasterkarien artean taldea osatu nahi dute: Demasa lilatoira! Horretarako izena eman daiteke otsailaren 11tik 22ra bitartean Kilometroak 2016ko Demasa denda ofizialean, Bidekurutzeta kalean, astelehenetik egubakoitzera, 19:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan, 12:00etatik 13:00etara. Prezioa 10 euro da eta, horren trukean, lasterketaren poltsa, dortsala-txipa eta lilatoneko kamiseta jasoko dituzte lasterkariek.

Dagoeneko izena emanda dutenek ere badute taldera biltzeko aukera eta, horretarako, Demasa dendatik bertatik izen-emate ordu eta epeen barruan pasa edota e-posta honetara idatzi behar da: kmk16@bergara.ikastola.net.

Kamiseta berezia

Demasa lilatoira! dela-eta kamiseta berezia atera da, Kilometroak 2016rekin bat eginez. Kamiseta berezi horiek dendan bertan eros daitezke 15 euroren truke.

Autobusak

Kilometroak 2016tik adierazi dutenez, hasiera baten autobus berezia antolatzeko asmorik ez dute, baina taldea osatuko balitz eta jendea gertu egongo balitz antolatuko lukete. Dena den, bus zerbitzu berezia egongo da eta Sportbus webgunearen bitartez har daiteke txartela. Bergaratik 08:00etan aterako da, bus geltokitik, eta itzulera 13:30ean izango da Bulebarretik. Autobusaren joan-etorria 12 euro dira.

Aldarrikapenak

Kilometroak 2016ko Prebentzio taldetik antolatu dute ekimena. Helburua da egun horretan bat egitea emakumeen aldarrikapenekin eta, esplizituki, "eraso sexistei ez esatea eta errespetuz gozatzera animatzea jendea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak