Ondarearekin bueltaka

Askotan beste herri edo hiri batzuetara joateko ohitura daukagu bertako ondarea eta historia ezagutzera.

Jauregiak, elizak, zubiak... herri batek historian duen pisua horrelakoekin neurtzen dugu. 

Zorionez, Bergaran ez zaigu halakorik falta, eta astero ikusten ditut turista mordoa gure herriko aberastasun historikoa ezagutzeko prest. Seminarioa, Errekalde jauregia, San Pedro, Santa Marina... zerrenda ia amaigabea da. Baina gure herriaren aztarna adreiluan soilik ikus daiteke? Ez horixe! Bergara hori baino gehiago da, bergararrok egunero idazten baitugu herri honen historiaren hurrengo pasartea.

Laga, tostoiak, erreilenoak, musikalak... arkitekturaz haratago gure herriko ezaugarrien parte dira horiek ere, eta lehenago edo geroago, herriko ondare bilakatuko dira.

Aste bukaeran Peñafloridako kondearen opera berreskuratuko dugu. 250 urte ia isilpean egon ostean, ilustrazioak herrian utzitako aztarnaren zatitxo bat berreskuratu, eta herrikide eta bisitariei eskainiko diogu. Ez da lan makala izan eta ikerketa lan sakona eskatu duen obra bat izan da, baina estreinaldirako 24 ordu falta direnean, harro nago ondarea berreskuratzeko egindako lanarekin.

Ez gaitezen azalean geratu, eta ezagut ditzagun herri bakoitzak dituen ñabardura eta ezaugarri propioak. Hori baita historiara pasako den ondare garrantzitsuena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak