'Alma mater'

2021-2022ko ikasturtea ere amaitzera doa. Aurtengoan, eskola itunduan hainbat urtez lan eginda, lehendabizikoz hezkuntza publikoko ordezkoen zerrendetan egin dut saiakera. Sei hilabetez harat-honat, Gipuzkoako institutu eta giro anitzetan, bizipen eder eta gogorretan ikasten, irakasten.

Azken lau hilabeteak Oñatin, nire sorterrian, eman ditut, bertako Institutuan. Goizero, eskolara sartzean, haren alboan altxatzen den Sancti Spiritus Unibertsitatearen fatxadari begira hartzen dut kontenplatzeko tartetxo bat. Euskal lurretan hezkuntzari eraikitako monumentu nagusia da hau. Errenazimentuko erliebe ederretan irakurtzen ditut, hurrenez hurren, garaiko ikasleentzat eredu jarritako bertute platonikoen irudiak –zuhurtzia, justizia, indarra, neurritasuna– eta bertute teologalak –fedea, esperantza, eta Institutua ia ukitzen duen pilastroian, kristau karitatea–.

Karitate hau irudikatzeko, Mercado de Zuazola gotzain fundatzaileak, Pierres Picart harginarekin adostuta, hezkuntzaren enblema klasiko bat jarri zuen: emakume xume bat, bi ume hezten; semea oinetan dauka jostalari, ikasten, eta umezurtz bat besoetan, titia hartzen. Eskola, maitasun xalo, saiatuz, denen zerbitzura zabalik dela erakutsi nahi du.

Izen bat, hitz bi, dakarzkit bihotzera irudi hunkigarri honek: Alma mater. Latinetik zuzenki itzulita, titia ematen dizun ama. Erdi Arotik unibertsitateek harturiko titulu honek hezkuntzaren zentro nagusiak izendatu ditu nonahi, mundu-biran.

Gogora datorkit, kasu, Columbia Universityko campus erdian dagoen Alma mater eskultura sonatua. New Yorken bizi nintzela bisitatu nuen maiz, eta ez ninduen inoiz seduzitu brontze distiratsuzko college-aren irudi maiestatikoak: koroaz eta aginte-makilaz, tronuan, jakinduriaren liburua altzoan, umerik hezteko ere ez daukan ama hotza da hura.

Bihotza hartua dit, ostera, gure Alma mater oñatiar apalak. Haren xalotasun xamur horretan, amatasunaren eder-gogorrenean, haragitzen du guk amesten dugun hezkuntzaren irudia: hurkoa, lagunkoia, herrikoa, irekia, arduratsua, maitekorra, bihotz-zabala.

Amesten dugun hezkuntzaren monumentu hori eraikitzen dihardute, egunero, aurten lankide –adiskide– izan ditudan irakasle eta ordezkoek Oñatiko Institutuan, eta Gipuzkoan hartu nauten zentro jatorretan, administrazioaren traba, mila mugaren eta erronka pedagogikoren artean. Eutsi amets horri! Denentzat ikasturte amaierako besarkada anaikor bat!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak