"Murugaineko trintxerak eta Dragones batailoia"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2011ko ira. 5a, 02:00

Murugaineko lubakien eta Arrasateko Dragones batailoiaren milizianoen lotura erabatekoa da.

Eurak dira 1936ko azaroan bertaratu zirenak eta 1937ko apirilaren 1era arte bertan egon zirenak.

Dragones batailoia, 1934ko Oktubradaren ondoren, Guadalupeko gotorlekuan preso elkarrekin egon ziren Gazteria Sozialista Bateratuko hainbat kidek sortutako batailoia da.

1936ko irailaren 26an, Arrasate erori ondoren, bi egun geroago, irailaren 28an Gazteria Sozialista Bateratuko- JSU, UGT eta Partido Sozialistako zenbait bazkidek ordurako Elorrion eratuta zegoen batailoi horretarako eman zuen izena, eta beren ikurrinerako kolore gorria aukeratu zen.

Lehenengo konpainiako gudari guztiak arrasatearrak ziren; gerra hasieran Segundo Olazagoitia izan zuten kapitain, eta batailoiaren komandante kargua izan zuen lehena Gerardo Ruiz de la Cuesta izan zen, hau ere mondragoetarra –biak gudan hil zituzten–, beste 50 burkide arrasatearrekin batera.

Batailoiko hiru lagunen testigantza jarraian:

"Garai hartan etorri zitzaizkigun –1936ko urria– fusil eta metraileta txekoak. Urriaren 4an, beste gudari eta milizianoekin batera, Dragonesko bi konpañia Intxortako eta Kalamuako borroketan parte hartu genuen, faxisten erasoa gelditzea lortu zen.
Azaroaren hasieran Karraskainen lau konpañia elkartu giñen. Azaroaren 26an Aramaion, Murugainen, eta mendi horren Arrasate eta Aretxabaleta alderako hegalean zeuden posizioetan hartu genuen lekua; han eraiki genituen gure gotorlekuak. Untzilla, Baztar-Gain eta Bazter-Azpin.
Azaroaren 30ean, Madril jasaten ari zen presioa arintzeko, Legutiotik zehar Gasteiz harrapatzea deliberatu zen. Arrasate aldera abiatzeko keinada bat egin genuen, eta Olandio baserriraino jaitsi ginen, erreketeek eta soldaduek Zigarrolatik zehar herritik nola alde egiten zuten ikusten genuela.
Murugainen bagenuen posizio aurreratu bat; gauero uzten genuen lotara Naparrena baserrira joateko, eta hurrengo egunean hartu egiten genuen berriro. Horietako batean etsaia konturatu egin zen nonbait, eta segada bat antolatu zigun; hartan hil zen Victor Bolinaga. Hurrengo egunean asaltoan hartu genuen.
Murugainen gerra zegoenik era ia ahaztuta igaro genuen negua, Santa Barbara eta Otalazelaitik jaurtikitzen zizkiguten kanoikada batzuengatik ez bazen, han etsaiak bateria batzuk jarriak baitzituen, soldadu alemanekin".

"Martxoaren bukaeran Udalatxetik abisua bidali zuten, esateko Arrasaten etsaiaren tropa mugimendu handia ikusten zela. Infanteria eta kamioi mugimendu etengabekoa ari zen han, eta garbi-garbi entzuten zen soldaduen zarata. Artilleria ugari ari zen iristen gainera. Gainerako begiraleku guztietatik ere antzeko berriak ari ziren iristen, eta bestaldetik etsaiaren erasoa hastera zihoan guztietan bezala –gauza tristea baita sentitzen ez den arrazoi batengatik bizia ematea–, soldadu asko hasi zen igarotzen leialen aldera, eta interes handiko datuak ekartzen zituzten bestaldetik, denak bat zetozen datuak gainera. Dudarik ez zegoen garrantzi handiko erasoren bat ari zirela prestatzen faxistak, eta Legutiotik etorriko zela eraso hori. Berri horixe baitzekarten etsaien aldetik gurera zetozen guztiek, eta horretxen seinale zen etsaiaren tropa gehienak Arrasaten ez gelditzea, Aretxabaleta eta Eskoriatza aldera, hego mendebalerago jarraitzea baizik.
1937ko martxoaren 31n, gerora Bilboko erasoa izenarekin ezagutua izango zenari ekin zitzaion; larriena, bataila haren akabera nolakoa izango zen erabakiko zuten bi armada moduetan zeukan desabantaila ikaragarria: artilleria eta abiazioa, alegia".

"Esan den bezala, beraz, martxoaren hogeita hamaikan faxistek erasoari ekin zioten, haiek zeukatenik inork pentsatu ere ezingo zukeen gudu materialezko ugaritasun batez, eta tamalez egunetik egunera ugaltzen ari zenaz, gainera. Dozenaka eta dozenaka hegazkin igarotzen zitzaizkigun egunero gure buruen gainetik, eta bonba mordo ikaragarriak jaurtikitzen zizkiguten, gero berriro Gasteiz aldera alde egiteko; haien ondoren berehalaxe etortzen ziren beste batzuk; eta haiei laguntzeko dozenaka kainoi bateria, kalibre guztietakoak ari zitzaizkigun gure posizioak bonbardatzen. Gu, berriz, geure fusilak besterik ez genuela hantxe, etsaiaren horrenbeste armamenturi kontra eusteko. Borroka horietan, Antonio Dominguez Untzillan hil zuten, eta Miguel Zubia Murun.
Egun horretan Olandiotik eta Untzillatik Murugain hartzeko saioetan hainbeste bider porrot egiten aspertuta, taktikaz aldatu zuten, eta apirilaren batean Asentsio menditik ekin zioten erasoari. Sumendi bat ematen zuen.
Egun horretan Kurtzetako errepidea moztea lortu zuten eta batailoian ginenok errepidez irteteko modurik gabe geratu ginenean, Murutik alde egin beharra izan genuen. Handik berriz ere Intxortara joan ginen".


(Santiago del Valle Txingolo, Jose Mari Arriaran Txispas eta Guillermo Lasagabaster Mala Letxe-ren testigantzak)

------------------------------

Juan Ramon Garai eta Nekane Arrazola
(Intxorta 1937 kultur elkartea)
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak