Trump berriro?

Politikan emozioek eta sentimenduek arrazoiek baino garrantzi gehiago izaten dute askotan. Bestela, nola azaldu Ameriketako Estatu Batuetako politikan gertatzen ari dena? Atlantikoaren alde honetatik begiratuz gero, oso zaila egiten zaigu ulertzea Donald Trumpek duen arrakasta politiko itzela. Gure estandarretarako izaera ahoberokoa eta forma eskasekoa, 2016an AEBetako 45. presidente bihurtzea lortu zuen, ia 63 milioi amerikarren babesarekin, komunikabide nagusiak eta establishment-a aurka zituela. 2020an, COVID-19a iritsi aurretik, Obamak sasoi berean baino onarpen maila altuagoa zuen hiritarren artean –ekonomiaren egoera bikainak eraginda–, eta, pandemia luze egiten ari zaion arren, babes maila dezentea izaten jarraitzen du hauteskundeen atarian.

Argi dago Trumpek gizarte amerikarraren zati handi baten emozioekin konektatzea lortu duela. Herritar horiek Washington herritarrengandik gero eta urrunago dagoela sentitzen dute eta politikariak herritarren interesen esanetara egon beharrean lobbyen aginduetara daudela uste dute. Beldur dira zuzentasunaren diskurtsoan murgildurik betiko Amerika galduko ote ez den, eta mehatxu guztietatik –kanpokoak eta barrukoak– defendatu beharra dagoela uste dute, beraien familia, erlijioa, lana eta bizimodua zaintzeko.

Jadanik lau urte gobernuan egon arren, Trumpek bere mezuaren indarra mantentzea lortu du, neurri handi batean, eta bere eslogan eraldatzaile famatuak oihartzun zabala izaten jarraitzen du –Make America Great Again–. Inkestek Biden-i garaipen erraza ematen dioten arren –10 puntuko aldea ematen diote–, ez dut uste hauteskundeak erabakita daudenik, ezta gutxiago ere. 2016an ez zuten asmatu eta aurten ere argi ibili beharko dute, amerikarrek inoiz baino gehiago beraien emozioek gidatuta emango baitute botoa datorren azaroaren 3an, eta Trump oso trebea da emozioak pizten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak