Zaborra

Erabiltzailearen aurpegia Jon Errasti Iriarte 2015ko abe. 12a, 00:00

Eguerdian, ETBn entzun dut bazkalosterako Eskoriatzako boto-emaileen erdiak-edo berea emanda zeukala.

Ni ez naiz joan, ez dut botorik eman, galdeketa hau aginteko eta oposizioko taldeen inkonpetentziaren zuritzea baino ez delako eta botoa emateak edozein gai bataila bihurtzen duen lehia politikoaren konplize egiten gaituelako. 

Parisen eragiten dugun desastreari konponbidea jarri nahian bilduko dira astelehenetik aurrera; susmoa daukat han ere ez dela ezer ganorazkorik erabakiko. Gu, berriz, hondakinak nola batu bozkatzen, gaiaz ia ezaupiderik gabe erabat teknikoa dena erabakitzen. Hiritarrok hondakinak bereizita atera behar ditugu bai ala bai, gure obligazioa da, aitzakiarik gabe, eta zein den hori batzeko modurik efizienteena ez da iritzi kontua, irizpide tekniko eta datu kontua baizik, eta, horretarako, badira adituak, badira esperientziak, eta horiek entzunda erabakia hartzea politikarien, guztien, eginbeharra da, eta baita, helburuak bete ezean, sistemari zuzenketak ezartzea. Hiritarroi dagokiguna erabakiok betetzea da, ez sistemarik egokiena hautatzera jolastea, sistemaren egokitasuna ez baita aukera kontua. Egokiena bat da, eta punto. Nola da posible iturri beretik datu diferenteak aurkeztea? Zer ezkutatzen da "sistema erosoenaren" argudiopean? Hondakinak biltzeko sistema inposatu zaion horri, noiz galdetu diote, ontzi berdea jarri zenean? Horiarekin, akaso? Sistema ahalik eta erosoena izan behar da, jakina, baina, hori baino gehiago, eraginkorra izan behar da, ahalik eta tarte txikiena utziaz zabarkeriak bilketari eragin diezaiokeen kalteari. 

Nik honen guztiaren atzean arerioaren lana oztopatzeko aitzakia sumatu dut; datuen faltsutzea, edo gutxienean, erabilera gaiztoa; mugimendu zibil edota ekologikoz mozorrotutako alderdikeria; demagogia eta ardurarik eza erakutsi duten aldarrikapenak. Eta oso gutxi, sosegua eta adosteko gogoa.

Planetak hemen jarraituko du tenperaturak hamalau gradu igota ere, hondamendira doana gizakia bera da. Eta Eskoriatzan (eta Bergaran) hondakinak biltzeko sistemarik erosoena hautatzen. Harrapazank!

----------

Jon Errasti Iriarte

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak