Ados bazaude, har ezazu lapitza eta papertxo bat.

Oso erraza izango da, ez izan zalantzarik. Minutu bat edo gutxiago besterik ez dizut kenduko. Ea bada, gertu? Ekin! 

Hasteko, eta beroketa modura, hiru kirolariren izen-abizenak idatzi. Izendatuak dituzu? Ederki. Segi ezazu hurrengo pausora. Oraingoan, hiru idazle zerrendatu beharko dituzu. Horretan ari zaren bitartean –eta entretenigarri izan dakizun, jolasak ludikotasuna tasun duenez–, txistukatu edo abestu idazleen ostean lerratuko dituzun hiru abeslarien kantaren bat edo batzuk; hedonismoaren alde. 

Gustura ari zara? Pozten naiz hala bada. Jolasa amaitzeko azken ariketa. Zerrendatu dituzun izen-abizenak gizonezkoarenak diren bakoitzean, zero zenbakia jarri beharko diozu aldamenean; eta emakumezkoak badira, berriz, bata. Ariketatxoa egindakoan, batu itzazu zenbakiok. 

Izan duzun emaitza ezin izango dut ezagutu, ziur asko, baina zuk badakizu: hori da garrantzitsuena. Bederatzira asko hurbildu bazara, edo bete-betean jo baduzu, ariketa honen beharrik ez zeneukan, akaso. Izan ere, generoaren eraikuntzari buruzko gogoetak edota hausnarketak egina izango zara, eta ikuspegi eta jarrera kritikoak izango dituzu egunerokoan ikusten, entzuten eta igartzen dituzun jarreren aurrean. 

Baina ez bada horrela izan, eta uste baduzu kasualitate hutsa dela –horrek ez daukala garrantzirik, transzendentziarik, arrazoiketarik, eta abar–, pentsa ezazu orain pasa den udan zenbat pertsonak sufritu dituzten sexu erasoak. Horietatik guztietatik bederatzi gizonezko kontatzera iristen bazara, ni galtzaile. 

Ni bakarrik aterako banintz galtzaile, gaitz erdi. Ez da, baina, horrela; izan ere, jendartea da, orokorrean, galtzailea: guzti-guztiok, hain zuzen. Horregatik, hurrengo batean horrelako ariketaren bat egiteko grina, nahia edo beharra duzunean, jantz itzazu betaurreko moreak jolasten hasi aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak