Lekukoa hartzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Illart Azkarate Iturbe 2024ko api. 20a, 00:00

Euskaraz bizi nahi duen herri baten lekukoa eraman zuen Korrikak Bidasoatik Ebrora eta Ebrotik Aturrira.

Euskal lurralde osoko herritarren euskalduntzean AEK-k egiten duen lanak eta Bernat Etxepare Ikastolako Azterketak Euskaraz Kolektiboak ere babes handia jaso dute. Ikastolok argitaratu berri dugun Hezkuntza Marko Orokorrean jasotzen den Pertsona Ereduaren bereizgarri klabea da Euskalduna bereizgarria; barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboarekin batera. Zoru komun bat, ikuspegi pedagogiko komun bat zazpi probintzietako Ikastola guztientzat. Euskal Hezkuntza sistema osoago eta aurrerakoiagoa osatzeko ekarpena izan nahi duen markoa.

Testuinguru honetan iritsi zaigu Ikastolen Elkarteko 7. Batzarra, Ikastolek hurrengo urteetarako erabaki estrategikoetan ekarpenak egiteko prozesu kooperatiboa. Euskal lurralde osoan, hezkuntza eredu desberdinen gabeziez jabeturik, herritik eta herriarentzat sortu ziren kooperatibak dira Ikastolak. Euskal Hezkuntza sistema propioaren eraikuntzan bidea egiteke dagoen honetan, Ikastolok badugu zer, non eta nori eskaini; Ikastola eredua, Euskal Herri osoan eta Euskal gizarteari. Eredua gaurkotzea dagokigu orain. Azken urteetan gizarteko hainbat sektoretara iristeko gabeziak onartuz, erronka berriak identifikatu eta datozen urteetarako estrategiak fintzeko garaia da: Ikastola eredua, gurasoen parte-hartzea, lurraldeen arteko elkartasuna, publikotasun eredua, euskalduntasuna, inklusiorako eta doakotasunerako bidea, teknopedagogia, pedagogia, aniztasunari erantzuna… Hezkuntza sistema eta gizartea eraldatzen jarraitzeko proposamenak lantzen gabiltza Arizmendi Ikastolan ere; komunitatearen parte garen guraso, profesional eta kolaboratzaileak, elkarrekin. Gure txikitasunetik eta gainontzeko 113 Ikastolekin batera, sortu gintuen herriari hezkuntza eskaintza berritua egiteko tenorea da. Aurrekoen lekukoa hartuz, Ebrotik Aturriraino, Leintz Bailaratik igarota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak