Bergaran kirola euskalduntzeko egindakoez

Apirilaren 28an GOIENAn Iñigo Iñurrategik argitaratutako UDAk euskaraz irabazi artikuluaren ildoari jarraituz, Bergaran kirola euskalduntzeko azken urteetan egiten dihardugun lana azaldu nahiko genuke, Iñigoren idatzian zentratu barik eta inolako polemikatan sartu gabe.

Ikerketek adierazten dute eskolaz kanpoko jarduerak direla ume eta gazteen euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreetako bat, eta hor, pisu berezia du kirolak. 

Horretaz jabeturik, Bergarako Udalak hainbat ekimen bideratu ditu azken urteetan: 

-2011n kirol taldeekin lau ikasturteko epean 18 urtez azpikoentzako entrenamenduak euskaraz izatea helburu zuen prozesua abiatu genuen; talde bakoitzerako helburuak finkatu, entrenamenduetako eta partiduetako jarraipena egin, emaitzen berri eman… Azken hiru urteetan, gainera, klubei ematen zaien laguntzaren %10 euskararen erabileraren arabera eman da.

-Hainbat formazio saio eskaini dira: futbol-entrenatzaile titulua ateratzeko euskarazko ikastaroa, futbol-entrenatzaileentzako teknifikazio ikastaro berezitua…

-Eskola kirolean entrenatzailea hizkuntza eragile izateko programa.

-Udaleko Kirol Zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaroak euskaraz izatea, partaideek horretarako aukera eskaintzen duten heinean. 

Zein izan da bilakaera? 

Oro har, positiboa. 

Betiere, 18 urtez azpikoen datuak kontuan hartuta, une honetan kirolarien %75 euskaraz dabil eta beste %10, berriz, gehienbat, euskaraz. 

Kirol batzuk –pilota, ziklismoa, igeriketa, piraguismoa, eskubaloia…– euskara hutsez edo nagusiki euskaraz dira eta beste kiroletan ere, hoberako bilakaera izan da, nahiz eta oraindik badiren hutsuneak: gimnasia erritmikoan, umeen %80 euskaraz; saskibaloian %70 euskaraz edo nagusiki euskaraz eta, futbolean, berriz, 8-12 urtez azpikoak –futbol eskolakoak– %100 euskaraz dabiltza eta 18 urtera bitarteko federatuetan %60 dira euskaraz edo nagusiki euskaraz dabiltzanak.

Esan bezala, Udalarentzat funtsezko gaia da eta, aurrerantzean ere, herriko kirola euskalduntzeko lanean jarraituko du. 

Azkenik, eskerrik asko klubetan euskalduntzeko ahaleginean egunez egun boluntario diharduten guztiei!

----------

Izaskun Labaien

Bergarako Udaleko euskara batzordeburua, Bergarako Udalaren izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak