Itsasora, herren baino

Udaberriko igandez Donostian, Urumea parean, sufrimenduzko aurpegi irribarretsu bat dakusat. Ez oinez, ezta korrika ere, tinko itsasorantz.

Irribarrea negu ilun osteko eguzkiak eta brisak ematen diola irudikatu dut. Tinkotasuna, berriz, bide onean doan sentsazioak. Parean pasatzean, baina, irribarrean sufrimendua antzeman diot. Orduan konturatu naiz: herren dator, esfortzuan, hanka biek ez baitiote berdin laguntzen. 

Hauteskundeak gainean ditugu. Lau urte badira Oñatin inflexio puntua izan genuenetik. Iparra finkatu, eta borondate haizea ekarri digu gobernu talde berriak. Egiteko erak eraldatuz. Eraginez. Tinko, bide onean doan sentsazioz. Herren, oposizioak lagundu ez diolako.

Lau urteko aro berri honetan haziak erne dira. Oñatiarrok biziberritu gaitu, eta oposizioa ere bai. Poztu nau partaidetza keinuak eta aurpegi berriak ikusteak.

Bejondeizuela 2011-2015 tartean testigua eraman duzuenoi. Herrena sufritu arren, lau kilometro latz bete dituzue, kemena lagun. Leku berean bueltaka baino, nahiago bide onean aurrera herren egitea, sufrimenduzko irribarrez.

Nire desioa da datorren agintaldia, herren baino, ezker-eskuin sinkroniaz egitea. Elkar zangotrabatu gabe, arin, aurrera.

Hanka biekin egitekoa baita duintasunerako bidea. Itsasorakoa.

----------

Iñaki Idigoras Igartua 

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak