"Ahoz ahokua"

Ahoz aho dabil atez atekua. Eta atez ate bere kontrako afitxak.

Pozik nau ni be herrixan sortu dan berbabidiakin. Eta agintari ohi eta barrixen papelak zela aldatu dian ikustiakin. Pozik? Tristia da ikustia zela gure komodidadia arriskuan ikusi dogunian bakarrik mugittu eta hasarratu garien. Kontrako argudixo nagusixenak:

"Deserosua da": prest nau esfortzu txiki bat egitteko. "Herrixa zatartuko dosku": gabez bakarrik egongo dia. Diseinua be hobetu leike. Garajetako pasiluetan ipini leike. Zergatik ez konpostadora komunitarixuak? "Gure barri emuten dau": baitta Eroskiko kajan pasaittiak be. Banketxetako langiliek ez al dakixei diruen barri? Bildur izan ezkero, txikitu eta kitto. "Eta Donostian ez?": ados. Baina geuk be ez dogu ba gura Donostiako TAOrik, ez eta hango txikituen preziorik. Hara komeni xakunian bakarrik begiraketia be... "Zergatik ez xau Bilduk herrixari galdeketan?": eurak jakingo daue. Erosotasun argudixo soilak irabaziko ote dauen bildurra? Ezin uka, Oñatin, behintzat, informaziñua jaso eta parte hartzeko sekula baino aukera gehixau izan dittugula.

Kontrako argumentuek "zergatik" galderiari erantzuten xaue gehixenbat: justifikaziñuak. Aldekuek, berriz, "zertarako"-ri: helburuak. Nik neuk nahixau justifikaziñotan jausi baiño, helburuak lortzeko bidia egittia. Proposamenen kontra egin biharrean, egin deigun helburuen alde. Kasu honetan, ingurumenan alde; ez ditzagun seme-alabak geure gehiegikerixekin hipotekatu.

Emun daixogun aukera bat sistema honi: zenbakittan ez dako parekorik. Izan gaittezen behingoz alemanak baino aurrerakoixau. Bai, bada pozik egotekua. 

Urte batzuk badia, Laixan euskera elkartian nenbilela, kritika egin nostala Jonek: "Euskerian alde egitteko jente eta diru asko xauk, eta ingurumenerako inor gutxi". Jon, etorri dok garaixa. Milesker, hiri, hilako, ZZ... gure kontzientziak astinketiarren.

Atez atekua ez da helburua, bidia baino. Behartuta bada be, akaso bere onena: danok apur bat eginaz asko lortuko dogula.

--------------------

Iñaki Idigoras

Oñati

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak