Idoia Etxeberria: "Zerua eta infernua"

Esadazu egia: zerurik ba al dago?", galdetu dit amonatxoak.

Ez dakit zer erantzun. Kontatu baitit etxetik elizara eta elizatik etxera igaro duela bizitza osoa. Paparra, ukalondoak eta belaunak beti ondo estalita. Apaizei musu ematen ziela esku gainean. Ez zuela mutilekin dantza egiten, Mariaren alaben kongregaziokoa zelako. Uste zuela mutil batek musu emanez gero, haurdun geratuko zela. Bizikletan ibiltzea ere bekaturako bidea zela. Infernuko sutan erretzeko beldurrez bizi zirela. 

Eta zer eta ez du ba entzun infernua ez dela existitzen? Apaiz bati entzun zion hori esaten, mezetan. "Infernurik ez badago, orduan zerurik ere ez!", azkar asko atera zuen ondorioa. "Eta zer gertatu da bekatuekin? Lehen dena bekatua zen, eta orain dena libre". Nahastuta dago amona gaixoa. "Eta purgatorioa?". Egia nahi du, hainbeste gezurren ondoren.

Ez dakidala esan diot. Ez dakit zerurik baden ala ez. Baina bai lurrean beti egon direla infernu itxurako tokiak eta egoerak. Herrialde pobretuak, gerrak. Eta lehen lepo zeuden elizak hutsik daudela orain. Eta ez dakitela zer asmatu kristauak erakartzeko: Donostian Loiola auzoan egin duten elizan supermerkatua jarri dute azpialdean. Mezetara doazenei 2x1 deskontu bonuak ematea bakarrik falta zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak