Entzutea, hori da berrikuntza

Gauzak egiteko, erabakiak hartzeko, ezagutza bat izan behar da. Eta gauzak egin behar horrek edo erabakiak hartze horrek eragina badu pertsona talde batengan, hobe duzu haiek ondo ezagutu. Eta hala ez bada, har ezazu haiek ezagutzeko denbora bat, ezer egin edo erabaki aurretik; bestela, seguruenez, hanka sartuko duzu eta.

Izan ere, denborak erakutsi du bai enpresa munduan, eta baita administrazioan, batez ere, pertsonak kontuan hartzen ez dituen gobernantzak porroterako bidea hartuko duela, lehenago edo geroago.

Beldurra ematen dute praktika asanblearioek, horiek gobernaezinak eta kudeatzeko oso zailak izan daitezkeelako. Egia da. Hori bai, egiteko beste modu batzuk ere badaude, pertsonen iritziak kontuan hartuta, haien errealitateaz jabetuta eta haiek esandakoak zuzen eta egoki jasota.

Are gehiago, jasotako informazio hori guztia erabil daiteke errealitatea eraldatzeko eta hura hobea izan dadin ahalegintzeko: momentuaren beharrei egokituagoa.

Egiteko modu horiek hazten ari dira berrikuntza sozialaren bitartez: entzuteko erremintak eta plataformak eskainita; izan ere, horiek erabilita, agertoki berriak azaltzen dira, etorkizunean leku jasangarri eta adeitsuagoa lortzeko bidean.

Bada, plataforma horiek martxan daude Arrasaten. Eta kooperatibismoan aitzindari izan ginen neurrian, aberastasuniturri solidarioagoa eta hobeto banatua sortuta, bidea zabaltzen ari gara entzutearen bitartez gure balio eta sinesmenak ezagutzeko, gure K; hain zuzen ere, jakiteko zer gura dugun gure enpresekin, gure enpleguarekin, gure kulturarekin.

Eskualdea bere etorkizuna marrazten ari da. Mundu osoko lehen mailako eragile eta erakunde asko Arrasateri begira daude; izan ere, pertsona ausart batzuen bitartez, orain arte ukaezinak ziren eskemak hausten ari dira. Entzutea da berrikuntza, eta herri honek, beste behin ere, argi izan du hori, eta arriskatu egiten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak