"Hiru Haundiak"

Minutu gutxi batzuk geratzen dira ekainaren 1a amaitzeko.

Gaua, goizaldea jada, beroa da Ondategin, eta urduritasuna eta ikusmina nabari da giroan. Aurretik 100 kilometro ditugu, eta Euskadiko hiru mendi mitiko: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri. Bada, probak berez daukan gogortasuna areagotu egingo da iragarri dituzten tenperatura altuak direla-eta.

Mila eta hirurehun kirolari, arropa teknikoa soinean, frontalak, motxilak janariz eta urez beteta... antolatzaileek irteteko pistola-tiroa noiz emango zain.

Atzean geratu dira prestakuntza hilabete eta ordu asko, entrenamenduak, eta 24 orduan jakingo dugu sakrifizio horien guztien emaitza, Araiako helmuga zeharkatzeko denbora-muga hori da-eta. Helburua: iristea. Batzuek arineketan egingo dute, beste batzuek oinez. Garrantzitsuena erronka gainditzea da.

Kirolari batek, irteera-puntuan dagoenean, ordura arte egin duen lanaren ziurtasuna dauka, eta horrek segurtasuna ematen dio, baina beti geratzen da inponderableen marjina.

Azkenean, antolatzaileek tiro egin dute. Burua hotz. Jan eta edan etengabe. Egina. Lehenengo aldapa. Tendinitis bat agertu da. Burua hotz. Jatekoa eta edatekoa Otxandion. Arima batek antiinflamatorio bat eman dit, Landarainoko bidea arinduko dit horrek. Iritsi gara Arabako hondartzara. 40 kilometro geratzen dira. Gel antiinflamatorioarekin beste igurtzialdi bat. Eguzkia eta 30 gradu baino gehiago. Burua hotz. Errotak, amaiezinak. Aizkorri, topera. Trumoiak gainean. Beheranzko bidea hartzeko ordua da. Argi txikia dago. Hamarrak dira, euria ari du. Lortu dugu!

800 kirolarik baino gehiagok lortu dute euren helburua eta saritua ikusi dute euren erronka. 

Prestakuntza egokia, ibilbidea ezagutzea, une kritikoak gestionatzea, ezustekoen aurrean egokitzeko gaitasuna... horiek guztiek egin dute posible helmugara iristea. Hiru Haundiak, bizitzaren metafora handia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak